BILBO, 28 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) saltoki handietako eta elikadura kateetako salmentak %0,1 igo dira maiatzean 2021eko hil beraren aldean, prezio konstanteetan eta lan egutegiko baldintza homogeneotan. Salmenten bilakaera positiboa izan da apirilaren aldean ere, %0,8ko igoera izan baitu urtaro eraginik gabeko terminoetan, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Elikagaien eta gainerako produktuen maiatzeko bilakaerak ezberdina izan dira urte artean. Hala, elikagaien salmentak %4,7 jaitsi dira 2021eko maiatzaren aldean, eta gainerako produktuenak %10,7 igo, biak ala biak termino konstanteetan. Apirilarekiko bilakaera ere ezberdina izan da sektoreka: prezio konstanteetako salmentek %1,5 egin dute behera gainerako produktuetan, eta %2,1 gora elikagaietan.
Lurraldeka, saltoki handietako eta elikadura kateetako maiatzeko salmentak %3,7 jaitsi dira Araban eta %2,6 Gipuzkoan, eta Bizkaian, berriz, %2,7 igo dira, iazko maiatzaren aldean. Apirilaren aldean joera goranzkoa izan da hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %1,1, Bizkaian %0,8 eta Araban %0,3.
Bestalde, 2022ko lehenbiziko bost hilabeteetako metatuan, saltoki handietako eta elikadura kateetako salmenta indizearen atzerakada %1,1ekoa izan da, elikaduraren salmenta metatuak %6,1 jaitsi eta gainerako produktuetan %10,5 gehitu ondoren.
Lurraldeka, aurtengo lehen bost hiletako aldakuntza metatua positiboa da Bizkaian, aurreko urteko aldi berean baino %0,6 salmenta gehiago izan baitira; Araban eta Gipuzkoan, aldiz, urteko lehen bost hilabeteetako salmentak %2,8 eta %3,2 txikiagoak izan dira, hurrenez hurren.
Azkenik, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako langileen kopurua ez da aldatu maiatzean, aurreko urteko hilabete beraren aldean (%0,0), eta apirilarekiko, aldiz, %0,3 jaitsi da.