Actualizado 29/11/2021 10:30 CET

EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako urriko salmentak %2,0 jaitsi dira urte artean eta %0,6 igo hil artean

Archivo - Supermerkatuan erosketak egiten
MITXI MITXIFOTOGRAFO@GMAIL.COM - Archivo

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) saltoki handietako eta elikadura kateetako salmentek %2,0ko jaitsiera izan dute urrian aurreko urteko hil berarekin alderatuta, prezio finkoetan. Aurreko hilarekin alderatuta, berriz, salmentak %0,6 gehitu dira, eta 2021eko lehen hamar hiletan metatutako bilakaera ere positiboa izan da, %0,5eko gorakadarekin, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Urte arteko aldian, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako urriko salmenten beherakada elikagaietan izandakoaren ondorio izan da (-%3,1), gainerako produktuetan %0,3ko igoera izan baita.

Salmenten urte arteko bilakaera ez da uniformea izan urrian lurralde historikoen arabera: Gipuzkoan eta Araban salmentek %5,0 eta %2,8 egin dute behera, hurrenez hurren, eta Bizkaian, aldiz, salmentak 2020ko urriko maila berean daude (%0,0ko aldakuntza).

Halaber, irailarekin alderatuta, urriko salmentek gora egiten jarraitu dute, bi produktu motetan. Hala, elikagaien salmentak %0,3 gehitu dira, eta gainerako produktuenak %1,2. Hil arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan: Araban igoera %1,2koa izan da, Gipuzkoan %0,8koa eta Bizkaian %0,4koa.

Bestalde, 2021eko urtarriletik urrira bitarteko metatuan, elikagaien salmenten indizeak %3,4ko jaitsiera izan du, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta gainerako produktuen salmenten bilakaera, berriz, positiboa izan da, 2020ko aldi metatu berean baino %9,5 handiagoa.

Lurralde historikoen arabera, aurten, orain arte, aldakuntza metatua positiboa da Bizkaian (%2,4) eta Araban (%1,5), eta Gipuzkoan, berriz, 2021eko lehen hamar hiletan, salmenta metatuak 2020ko aldi berekoak baino %3,3 baxuagoak izan dira.

Azkenik, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako langileen kopurua egonkor matendu da urrian, aurreko hilarekin alderatuta (%0,0ko aldakuntza). Aurreko urteko hil berarekin alderatuta, berriz, langileak %4,2 gehitu dira, eta 2021eko lehen hamar hiletako metatuan igoera %3,9koa izan da.