EAEko sei artista gaztek euren lanak aurkeztuko dituzte Guggenheim Bilbao Museoan

Actualizado 2017/02/24 13:16:58 CET
Guggenheim Bilbao Museoa
Europa Press

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Xare Alvarez, Maria Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Carlos Martinez euskal artista gazteek euren artelanak erakutsiko dituzte apirilaren 10etik maiatzaren 7ra, talde erakusketa batean, Guggenheim Bilbao Museoaren 177. aretoan. "Eginberri" ekimenaren epaimahaiak aukeratu ditu sei artista. 2016ko abenduan abiatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntza du eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 35 urtetik beherako artista gazteei zuzenduta dago.

Museo bilbotarrarek jakinarazi duenez, aukeraturiko sei proiektuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako artista gazteen 62 proposamenen artetik hautatu dituzte, eta "ondo ematen dute aditzera gaur egun arte diziplinen arteko aldeak lausoak direla, besteak beste, pinturaren, eskulturaren, instalazioaren eta argazkigintzaren artekoak".

Artista bakoitzak 1.500 euroko diru laguntza izango du artelanak ekoizteko eta museoan erakusteak dakartzan gastuei aurre egiteko. Lucia Agirre Guggenheim Bilbao Museoaren arte arduraduna izango da "Eginberri" erakusketaren komisarioa.

Epaimahaia osatu dute Asier Madarieta BizkaiKOAren kudeatzaileak, Eztizen Esesumaga Rekalde aretoko hezkuntza eta publiko arduradunak eta Lucia Agirre eta Petra Joos Guggenheim Bilbao Museoaren arte arduradunek. Aurkeztutako proposamen guztiek "kalitate handia" izan dutela nabarmendu dute, eta hautatutakoek, "gizarte elkarrizketan sakontzeaz batera, egundo ikusi gabeko proiektu multzo azpimarragarria" eratzen dutela.

Ekimen hau Guggenheim Bilbao Museoak garatu du, 20 urte betetzen dituen urtean inguruko arte komunitatearekin elkarlanean jardun nahi duelako, artistak gazteek museoan obrak erakutsiz ikusgarritasuna irabazi dezaten eta haien lana zabal daitezen.