Greba orokorrera deituko dute urtarrilean, "lan, pentsio eta bizitza duinen alde"

Agerraldian izan diren ordezkariak.
ELA

Actualizado: miércoles, 23 octubre 2019 11:01

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunen deiarekin bat egin eta "mobilizazio agenda indartsua" iragarri du

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra antolatuko du 2020. urteko urtarrileko bigarren hamabostaldian, "lan, pentsio eta bizitza duinen alde", pentsiodunen elkarteek egindako aldarrikapenekin bat eginez. Gainera, "mobilizazio agenda indartsua" iragarri du datozen hilabeteetarako, "pentsioak, enplegua eta eskubide sozialak" ardatz gisa hartuta.

Eskubide Sozialen Kartan bildutako sindikatu eta eragile sozialek eta pentsiodunen elkarteek prentsa agerraldia egin dute asteazken honetan, Bilbon, datozen hilabeteetan antolatuko dituzten mobilizazioen berri emateko.

Horrela, adierazi dutenez, pentsiodunen elkarteek agerraldi publikoa egin zuten asteartean, duela ia bi urte pentsio duinen defentsan astero egiten dituzten mobilizazioak indartzearen garrantzia azpimarratzeko, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erabaki du pentsiodunek egindako deiarekin bat egitea eta greba orokorra jasotzen duen mobilizazio egutegia iragartzea.

Pentsio duinen aldeko borrokaz gain, greba orokorraren deialdiaren beste bi ardatzak kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak izango dira. ELAren izenean, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia greba deialdiak dituen hiru ardatzen inguruan mintzatu da: "Pentsiodunak egoera larrian daude; urteak daramate kalean protesta egiten, euren egoera salatzen. Lan eta bizi baldintzak okertzen ari diren testuinguru batean gaude, begi-bistakoa da. Eta ditugun eskubide sozialak ez dira nahikoak; pobreziaren inguruko datuek agerian uzten dute gurean gero lagun gehiago daudela pobrezian".

Lakuntzak grebaren arrazoiak aipatu ditu. Bere hitzetan, "gure aldarrikapenak kalean ez badaude, ez dira inon egongo, inork ez digu jaramonik egingo. Greba orokorra azken hamarkada honetan kendu diguten hori guztia berreskuratzeko eta erasora joateko aukera bikaina da. Horregatik taula aldarrikatzaile oso indartsua garatu dugu: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, erretiroa 65 urterekin hartzea gehienez, 1.200 euroko gutxieneko soldata, astean 35 orduko lanaldia, lan eta negoziazio kolektiboaren inguruan azken urteetan onartu diren erreformak atzera botatzea, eskubide sozialak bermatzea".

ONDORIO KALTEGARRIAK

Halaber, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak salatu du eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorioak "izugarri kaltegarriak" dira langileentzat. "Prekarietatea hedatu da lan arloan, soldatetan eta pentsioetan, eta zerbitzu publikoaren ahultzea ekarri du murrizketen bitartez, osasungintzan, hezkuntzan zein beste zerbitzu publikoetan", adierazi du.

Gainera, "zaintza lanen aitortza eza" eta "zerbitzu publikoen pribatizazioa eta merkantilizazioa" pairatzen ari garela kritikatu du, eta egungo ereduak "babes sozialerako sistema baten garapen eza" ekarri duela, "behar gehien dituzten pertsonen kalterako". "Dagoeneko, 522.000 pertsona bizi dira Hego Euskal Herian pobreziaren mugaren azpian. Bizitzaren arlo guztietara zabaldu da prekarietatea, eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabegoa da", salatu du.

Modu honetan, datozen hilabeteetarako mobilizazio agenda urriaren 30ean hasiko da, Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko aurkeztu duten lege proposamena bertan behera uztea eskatzeko elkarretaratzea izango da.

Gainera, azaroaren 16ean, pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dituen mobilizazioak izango dira, eta abenduan mobilizazioak antolatuko dira, "lan, pentsio eta bizitza duinaren alde". Bukatzeko, 2020ko urtarrilaren bigarren hamabostaldian greba orokorrera deituko dute.