Eguraldia.- Argitzera egingo du asteartean

Publicado: lunes, 6 julio 2020 17:31

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, uztailaren 7an, fronteak alde egitearekin batera, argitzera egingo du. Goizean goiz ipar partean bereziki agertuko diren hodeiak desagertuz joango dira eta arratsaldean giro eguzkitsu eta argia izango dugu gehiengoan.

Eguneko tenperaturak gora egingo du eguzkiaren laguntzaz; igoera hori hegoaldean nabarituko dugu bereziki, kostaldean ipar haizeak aginduko baitu. Goizaldean giroa astelehen honetakoa baino freskoagoa izango da eta minimoak 10 gradu azpitik ibiliko dira barnealdean. Hiriburuetan, Bilbon 14 gradu espero dira gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 13 gutxienez eta 22 gehienez, Gasteizen 9 gutxienez eta 25 gehienez, eta Iruñean 14 gutxienez eta 27 gehienez.

Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin, arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituz; itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metroko olatuak altxatuko ditu, eta egunaren amaieran metro bateko ingurukoak. Itsasgorak 05:00etan eta 17:13an izango dira, eta itsasbeherak 10:56an eta 23:26an. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.