Eguraldia.- Arratsaldean goizean baino giro politagoa

Larunbateko iragarpena
EUSKALMET
Actualizado: sábado, 20 octubre 2018 5:05

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologiaren agentziaren iragarpenaren arabera, larunbat honetan, urriaren 20an, arratsaldean goizean baino giro politagoa izango dugu. Egunaren lehen partean hodei dezente izango ditugu eta baliteke zaparrada isolaturen bat edo beste botatzea, probabilitate handiagoarekin Nafarroa hegoaldean. Arratsaldean, berriz, hodeiak gutxituz joango dira eta zeruan urdingune politak agertuko dira.

Mendebal/ipar-mendebaldeko haizearekin hasiko dugu eguna, baina arratsaldean ipar edota ipar-ekialdera egingo du. Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango. Hiriburuetan Bilbon 15 gradu espero dira gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 15 gutxienez eta 20 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 20 gehienez, eta Iruñean 12 gutxienez eta 24 gehienez.

Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar/ipar-ekialdetik finkatuko da; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 13:02an izango da, eta itsasbehera 19:12an. Uraren tenperatura 17 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.