Eguraldia.- Euriak atseden emango du asteazkeneko erdiko orduetan

Asteazkeneko iragarpena.
EUSKALMET
Publicado: martes, 22 octubre 2019 17:36

BILBO, 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteazkenean, urriaren 23an, ezegonkortasunarekin jarraituko dugun arren, euriak, tarteka atseden emango digu, bereziki egunaren erdiko orduetan. Eguna bustitik hasiko dugu, baina goizak aurrera egiten duen heinean atertzera egingo du eta litekeena da ordu batzuetan eguraldi lasai samarra izatea, ateri eustea eta ostarte batzuk zabaltzea.

Hala eta guztiz ere, arratsaldea igaro ahala, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, dezente zakartuko da eta berriro ere euritara joko du. Gainera, egunaren amaieran zaparradak mardulak izan daitezke, euria gogotik egin dezake eta litro ugari pila daiteke, bereziki mendebaldean.

Tenperaturari dagokionez, hiriburuetan, Bilbon 14 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 9 gutxienez eta 15 gehienez, eta Iruñean 10 gutxienez eta 18 gehienez.

Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin, eta arratsaldean mendebal-osagaira aldatu eta zakartuko da, 4-5eko indarrarekin; itsaskirria eragingo du eta itsaskia edo itsaski handia arratsaldean eta gauean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta gauean 1-2 metrokoak. Egunaren bigarren partean trumoi ekaitzak bota ditzake. Itsasgora 11:19an izango da, eta itsasbeherak 04:42an eta 17:37an. Uraren tenperatura 19 gradukoa da eta ikus-eremua bat eta lau kilometro artekoa izango da.