Eguraldia igandean, urriaren 2an

Archivo - Eguzkitsu
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: sábado, 1 octubre 2022 14:41

BILBO, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igandean, urriaren 2an, eguraldia eguzkitsua izango da, eta egunez goxoagoa, bereziki barnealdean. Bertan, tenperatura maximoek beste koska bat egingo dute gora, 25 gradu ingurura iritsi arte. Barnealdeko zenbait lekutan behe-lainoa sortuko da eta baliteke goiz osoan irautea, baina jasotzean eguzkia izango da jaun eta jabe, nahiz eta zerua apur bat lausotuko duten goi-hodei batzuk agertu. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da.

Hiriburuetan, Baionan 13 gradu espero dira gutxienez eta 24 gehienez, Bilbon 13 gutxienez eta 25 gehienez, Donostian 13 gutxienez eta 21 gehienez, Gasteizen 7 gutxienez eta 26 gehienez eta Iruñean 10 gutxienez eta 26 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da 1-2ko indarrarekin, hego-osagaikoa nagusituz, eta erdialdeko orduetan ipar-osagaitik finkatuko da 2-3ko indarrarekin; itsaso kizkurra eragingo du, itsaskirriko guneekin arratsaldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak bi metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 09:32an eta 22:13an izango dira, eta itsasbehereak 03:18an eta 15:52an. Uraren tenperatura 19 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.