Eguraldia.- Okerrera egingo du asteazkenean

Asteazkeneko iragarpena
EUSKALMET
Publicado: martes, 11 diciembre 2018 17:24

BILBO, 11 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteazkenean, abenduaren 12an, giroak okerrera egingo du. Egunaren lehen zatian fronte baten muturrak eragingo digu eta hodei ugari ekarriko dizkigu, bai eta euria ere, batez ere ipar isurialdera. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta egunaren erdiko orduetan ahuldu eta aldakor geratuko da. Horrela, eguraldia zertxobait baretuko da eta, atertzera egitearekin batera, ostarte txiki batzuk irekiko dira. Arratsalde-gauean haizea hego-mendebaldetik finkatuko da eta hodeiek zerua estaliko dute beste behin.

Tenperaturak behera egingo du. Hiriburuetan, Bilbon 10 gradu espero dira gutxienez eta 14 gehienez, Donostian 9 gutxienez eta 13 gehienez, Gasteizen 5 gutxienez eta 11 gehienez, eta Iruñean 5 gutxienez eta 12 gehienez.

Itsasoan, egunaren lehen partean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, erdiko orduetan aldakor geratuko da, 2-3ko indarrarekin, eta arratsaldean hego-ekialdetik finkatuko da, 3-4ko indarrarekin; itsaskirria edo itsaskia eragingo du, eta eguerditik aurrera itsaso kizkurra. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bete inguruko olatuak altxatuko ditu, baina handituz joan eta gauean 2-2,5 metro artekoak izango dira. Itsasgorak 06:22an eta 18:47an izango dira, eta itsasbeherak 00:10ean eta 12:42an. Uraren tenperatura 14-15 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da.