18 de Otsaila de 2020
 

EHUk graduko 82 titulu eta 102 titulazio eskainiko ditu datorren ikasturtean

Actualizado 2020/1/24 12:45:10 CET
EHUko arduradunak.
EHU

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) graduko 82 titulu eskainiko ditu 2020-2012 ikasturtean, nahiz eta 102 titulazio izango diren guztira, aldi berean hainbat campusetan ematen direnak kontuan hartuz gero. Sei titulazio berri jarriko dira martxan: Adimen Artifizialeko Gradua, Haur Hezkuntzako Gradu hirueleduna eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Ekonomia, Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia, Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza eta Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak gradu bikoitzak.

EHUk 2020-2021 ikasturterako gradu ikasketen eskaintza aurkeztu du ostiral honetan, Bizkaia Aretoan egindako prentsaurrekoan, Bilbon. Bertan izan dira Nekane Balluerka errektorea, Araceli Garín Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreordea eta Txelo Ruiz Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordea.

Adimen Artifizialeko Gradu berrian ingeniaritzaren eta datuen zientziaren alorreko ezagutzak irakasteaz gain, beste arlo interesgarri batzuk ere izango dira ikasgai, hala nola robotika, lengoaia naturalaren prozesamendua, ordenagailu bidezko ikusmena, optimizazioa edo sistema adituak. Gipuzkoako campuseko Informatika Fakultatean emango da gradua.

Haur Hezkuntzako Gradu hirueleduna Bizkaiko campuseko Hezkuntza Fakultatean emango da. Azaldu dutenez, EAEko eskola sistema elebiduna da (euskara-gaztelania), baina gero eta premia handiagoa dago prestakuntzaren hasiera hasieratik ingelesez irakasteko, eta EHUren helburua premia hori asetzea da. Gradu berriarekin osatzen da ingeles hizkuntzan trebatzeko ibilbidea, Lehen Hezkuntzarako eskaintzen delako jada Bilbon eta Gasteizen.

Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Ekonomia Gradu bikoitza (Double Bachelor's degree in Business and Economics) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean emango da, Bizkaiko campusean, eta ezinbesteko baldintza izango da ingeleseko B2 maila izatea edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan ingeleseko proban gutxienez 8 izatea. Gradu bikoitzak "prestakuntzarik osoena eta integratuena" emango die ekonomialariei, eta, osorik ingelesez irakatsiko denez, "mundu globalizatuari bereziki zuzendutako trebakuntza ere eskainiko du.

Azkenik, onartu ondoren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean emango diren hiru gradu bikoitz berriek berekin ekarriko dute ikasle askok eta askok bere gain hartutako praktika naturalizatzea, elkarlotzen diren titulazioen kidetasunak horretarako bide ematen baitu. Gradu berri horiek ezartzeko erabakia graduatutako ikasleei egindako inkesta baten ondoren hartu zen, eta zehaztu den planaren helburua da bost urtean gradu bikoitza osatu ahal izatea.

Funtsezko berrikuntzekin batera, datorren ikasturterako ikasketa eskaintza zabala aipatu dute euskal unibertsitateko ordezkariek, graduetan zein graduondokoetan, eta gradu bikoitzen eskaintza nabarmendu dute, bai eta prestakuntza dualen eskaintza ere, mota horretako ikasketak egiteko aukera zabaldu egin baita.

Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, datorren ikasturterako aurkeztutako eskaintza akademikoak "oraina + etorkizuna binomioa dauka oinarri". "Eskaintza akademikoa zabala da, asmo handikoa, eta etengabe aldatzen ari den gizarte baten erronkei erantzutea du helburu. Oraintxe bertan sortzen diren behar sozial eta ekonomikoei erantzun beharra dago, baina baita etorkizunean sortuko direnei ere. Ez dugu gaurko hezi nahi: gaurko eta biharko hezi nahi dugu", esan du.

Ildo horretan, nabarmendu du EHUk ez dituela berehalako premiak bakarrik asetzeko gai izango diren profesionalak prestatzen, baizik eta "beren lana testuinguru desberdinetara, premia desberdinetara, egokitzeko gai izango diren profesionalak" prestatzen dituela. "Kalitatezko prestakuntza teoriko eta praktiko batean moldagarritasuna, malgutasuna eta zeharkako gaitasunetan trebatzea ezinbesteko osagarriak dira", adierazi du.

UNIBERTSITATE ORIENTAZIORAKO AZOKAK

Bestalde, agerraldian iragarri dute unibertsitate orientaziorako azokak ere egingo direla aurten. Hiru topaketa handi izango dira datorren ikasturteko eskaintzaren guztiaren berri emateko: Donostian, larunbat honetan, urtarrilaren 25ean; Gasteizen, otsailaren 1ean; eta Bilbon, otsailaren 8an. Guztietan, ordutegia 09:00etatik 14:30era izango da.

Azoken helburua da EHUren eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia ikasleen eskura jartzea, ikasketak aukeratzen laguntzea eta gai garrantzitsu guztiei buruzko informazio zehatza ematea, bai modu pertsonalizatuan, bai taldeetarako antolatutako informazio saioen bidez.

Unibertsitateko Orientaziorako Azokak EHUk antolatzen duen jarduera programa zabal baten parte dira, ikasleei ikasketak aukeratzean laguntza ematea izanik helburu nagusia. Horrela, azokez gain, jarduera praktikoak, ate irekien eguna eta orientatzaileen prestakuntza jardunaldiak egiten dira.

Contador