EHUko eta Deustuko Unibertsitateko bi masterrentzat izango da 2018ko Emakunde Saria

2018Ko Emakunde Sariaren Berri Eman Dute
EMAKUNDE
Actualizado: jueves, 13 diciembre 2018 12:55

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Berdintasunerako Emakunde Sariaren epaimahaiak gehiengoz adostu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna: berdintasunaren eragileak masterrari eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterrari ematea 2018ko saria. Berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko politiken eremuan goi prestakuntzako profesionalizazioari egiten dioten ekarpenagatik jasoko dute saria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta sariko epaimahaikideek Gasteizen egindako agerraldian azaldu dutenez.

EHUko masterrari dagokionez, 2001ean sortu zen eta, harrezkero, "erreferente akademikoa" da gaian, eta diziplina ezberdinen arteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik. Bereziki sakontzen du berdintasun politiketan, eta, horretarako, erakunde eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera.

Halaber, erakunde publiko edo pribatuetan berdintasun eragile diren edo izateko aukera izango duten ikasleek prestakuntza hobea izateko zeharkako beste gaikuntza batzuk eskaintzen ditu. Gainera, masterraren esparruan emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da.

Deustuko Unibertsitateko masterrari dagokionez, 2003tik "erreferente aitzindaria eta paregabea" da emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezia eskaintzen, gaian dagoen gizarte eskari handiari erantzuteko. Horrela, diziplina ezberdinen arteko ikuspegitik ere, ikasleei gaikuntza ematen die ikuspegi holistikotik esku hartzeak diseinatzeko, planifikatzeko, kudeatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko beharrezko gaitasunak berengana ditzaten. Gaian ikerlan aplikatu eta hausnarketa lan ugari sortu ditu, masterreko amaierako tesinen bidez.

"ERAGIN BIDERKATZAILEA"

Horrela, alderdi horiek guztiak kontuan izanda, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializatuaren eta kalitateko prestakuntzaren aldeko apustua nabarmendu du epaimahaiak. Era berean, master horiek duten "eragin biderkatzailea" azpimarratu du, gaur egun berdintasun politika publiko zein pribatuan lan egiten duten pertsona askoren lanbide eginkizuna goi mailako prestakuntzarekin eta ospearekin egin ahal izateko eta jardueran behar den genero ikuspegia txertatzeko laguntzen duelako.

Gainera, irakasle eta ikasleen artean ezagutza feministaren eta akademikoaren eremuan aliantzak sortu direla nabarmendu du, eta bi masterrak "Euskaditik kanpora eta Euskadin bertan berdintasun politiken arloan gizarte erreferente" bilakatu direla.

Halaber, sariaren bidez, epaimahaiak aintzatespena egin nahi die modu batera edo bestera bi masterretan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, "bereziki ikasleei, beren eragin eremuetan goi mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako".

HELBURUA

Berdintasunerako Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea, bai eta emakumeek egindako lana aintzat hartzea.

Gainera, emakumeei boterean dagokien lekua itzultzeko egindako lanean edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko egindako lanean nabarmendu direnak saritu nahi ditu. Sariaren diru kopuru gordina 14.400 euro da, eta kasu honetan, bi masterren artean banatuko da.

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte, baina urte horretan Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea, eta, hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.

Sari bakarra ematen denetik, Mari Jose Urruzola (2006), Bagabiltza elkartea (2007), Bizkaiko Emakumeen Asanblada (2008), Lilaton taldea (2009), Teresa del Valle (2010), Irun eta Hondarribiako alarde mistoak (2011), Bilboko Modulo Psikosozialak (2012), La Posada de los Abrazos elkartea (2013), María de Maeztu Forum Feminista (2014), Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea (2015), Marta Macho Matematika doktorea (2016) eta Virginia Imaz klown eta aktorea (2017) izan dira sarituak.