EHUko Hegoa Institutuak euskarazko materiala landu du unibertsitatean eta batxilergoan garapenari buruz hausnartzeko

Xabier Gainzak eta Irati Labaienek bideratzen dute bilduma
EHU
Actualizado: lunes, 10 diciembre 2018 12:26

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hegoa Institutuak euskarazko materiala plazaratu du garapenari buruz hausnartzeko, bai unibertsitatean bai batxilergoan. "Hegoak Zabalduz" bildumak lankidetza eta garapenari buruzko gaiak batzen ditu, "Euskal Herriko gazteengan hausnartzeko sena pizteko".

Unibertsitateko eta batxilergoko ikasleei zuzendutako ekimena EHUko Hegoa Institutuak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. EHUko irakasle Irati Labaienek eta Xabier Gainzak bideratzen dute bilduma, EHUko jakinarazi duenez.

Orain arte, bederatzi ale digital argitaratu dituzte. Gaur egungo gaiak aztertzen dituzte aleotan, hala nola ingurumena, errefuxiatuen krisia, generoa edota desberdintasunen areagotzea. "Horrekin batera, betidanik erabiltzen den hego-ipar banaketa ere kolokan jarri nahi dugu, garapena herrialde ororen ardura dela aldarrikatuz", azaldu du Irati Labaienek, "Hegoak Zabalduz" argitalpenaren zuzendariak.

Dibulgazioa eta garapena ardatz hartuta, nazioartean sortutako erronkak eta arazoak jorratzen dituzte bildumaren bederatzi aleetan. Horrela, hainbat ikertzailek eta irakaslek gogoeta eragin nahi die unibertsitateko zein batxilergoko ikasleei. Labaienen esanetan, "Euskal Herriko gazteengan hausnarketarako sena piztea da 'Hegoak Zabalduz' argitalpenaren nahia: unibertsitate mailan dauden ikasleentzat ez ezik, erdi mailako zikloetako nahiz batxilergoko ikasleentzat ere gai horien inguruko materiala eskuragarri jartzea, euskaraz".

ALE DIGITALAK

Garapenerako hezkuntzaren bitartez, pobrezia, ekonomia soziala, globalizazioa eta migrazioa moduko arazoak jorratu dituzte ikuspuntu politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoetatik.

"Garapenari buruzko pentsamenduaren bilakaera: Teoriak, estrategiak eta adierazleak", "Garapena eta iraunkortasuna: bilakaera, bateragarritasuna eta ikuspegiak", "Garapena feminismotik aztertzen", "Garapenerako lankidetza eta bere bilakaera", "Trantsizio ekosoziala helburu: Ondo bizi, denok, muga biofisikoen barruan", "Migrazioak eta garapena. Win-win agertokia posible ote?", "Ekonomia soziala: Ikerketa-objektua eta analisirako lanabesak", "Globalizazioa eta tokiko garapena" eta "XXI. Mendeko pobrezia. Benetan ezabatzeko proposamenak" dira bildumaren lkehen bederatzi aleak.

EHUren eta 1987an sortutako Hegoa elkartearen arteko institutu mistoa da Hegoa. Koldo Uncetaren atzetik, Pedro Ibarra eta Luis Guridi izan ziren zuzendari, eta gaur egun Karlos Pérez de Armiño dago karguan. 31 urteotan, garapenarekin eta lankidetzarekin lotutako arloetan prestakuntza eman, ikertu eta aholkatu du, eta Dokumentazio Zentro bat dauka, nazioarteko lankidetzaren eta garapenaren esparruan ezinbesteko erreferente dena.