EHUko ikertzaile bat autismoa ikertzeko europar proiektu bat koordinatzen ari da

Olga Peñagarikano EHUko ikertzailea
EHU
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 11:57

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Olga Peñagarikano Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaile burua nahasmendu autistak ikertzeko europar proiektu bat koordinatzen ari da. ERA-NET NEURON neurozientzietako ikerketarako europar sareak 800.000 euro esleitu dizkio proiektuari.

Frantzia, Belgika eta Alemaniako beste hiru talderekin batera landuko da EHUtik koordinatzen ari den proiektua. Bakoitzak 200.000 euroko diru laguntza jaso du 2019-2021 aldian autismoaren kausa neurobiologikoak ikertzeko, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Europa, Israel, Turkia eta Kanadako erakundeek osatzen dute ERA-NET NEURON sarea, eta, Horizonte 2020 programan oinarrituta, goi kalitateko ikerketak finantzatzen ditu. Proiektu horiek elkarrekin lan egiteko modua ematen diete lantaldeei, bai eta ideiekin zein osasunarekin eta buruko nahasteekin erlazionatutako eremuetan esperientziak elkartrukatzeko aukera ere. Azken deialdian Europako 12 proiektu finantzatu dira, eta horien artean dago Peñagarikanok koordinatzen duen autismoari buruzko programa.

Estatuz gaindiko proiektuak garun garapenari eragiten dioten mekanismo neurobiologikoei buruz ikertzen du, eta Espektro Autistaren Nahasmenduarekin duten harremanari erreparatzen dio bereziki. Autismoari lotutako geneek bi neurona motaren mugimenduak koordinatzen dituzte (proiekzioko neurona eszitatzaileenak eta interneurona inhibitzaileenak), jaiotzen diren tokitik garun azaleraino, kognizio prozesuetan inplikatutako garunaren kanpoalderaino.

EHUko ikertzaileak gidatutako lantaldeak identifikatu nahi ditu garun azalaren eraketa prozesuan sortzen diren bi neurona mota horien koordinazio arazoak, eta gero Espektro Autistaren Nahasmenduari aurre egiteko farmako terapiak garatu nahi ditu. Gaitz horren jatorria batez ere genetikoa da, eta bere ezaugarriak dira jendarteko elkarrekintzan gabeziak edukitzea, jokaera errepikakorrak eta interes gai murritzak. 59 umetik batek dauka.