Actualizado 06/04/2016 13:49 CET

EHUko Informatika Fakultateko ikasleek programatzen irakatsiko diete 10-12 urteko gazteei

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko ikasleak zortzi ikastetxetara joango dira, apirilaren 4tik 15era bitartean, 10-12 urteko ikasleen 24 bat talderi kode ordu bat eskaintzera, programatzen irakasteko. Ekimenean parte hartuko duten zentroak, Villabonako Zubimusu ikastola, Ermuko San Pelayo eskola, Gernikako Allende Salazar ikastetxea, Lazkaoko San Benito ikastola, Lesakako Irain eskola publikoa, Mutriku BHI, Tolosako Samaniego ikastetxea eta Zizurkilgo San Millan eskola dira.

   Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako dekanordeak azaldu duenez, "ordubetez modu dibertigarrian programatzen aritzea eta programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikastea da kode orduaren helburua".

   Mugimendu globala dela adierazi du, 180 herrialde baina gehiagotako milioika ikaslerengana iristen dena. "Kode ordua munduko edozein txokotako edozein pertsonak antola dezake baina gu, informatika ingeniaritzako graduko ikasleak pertsona ezin egokiagoak gara hori egiteko.  Izan ere, duela hilabete batzuk horretarako erabilerraza eta bisuala den tresna euskaratu genuen code.org (www.code.org)", azaldu du.

   Kodea etorkizuneko lengoaia unibertsala izango da. Arbelaitzek esan duenez, "kodeak lagunduko digu konputagailuak gailu mekaniko, bakarti, aspergarri eta magiko gisa ikusi ordez, jolasteko balio duen eta manipulatu daitekeen zerbait bailiran ikustea. Hau da, kodeari esker ordenagailuen kontsumitzaile izatetik ordenagailuekin sortzaile izan gaitezke. Programazioari esker, ezerezetik mundu berriak sortu ahal izango ditugu beren erregela propioak dituztenak horretarako logika beharko dugu".

   Halaber, ez dela lan zaila ziurtatu du, eta "lengoaia berezi batean adierazita dagoen agindu segida bat" besterik ez dela, "eta guk, bizitzan beste hainbat gauza egiten ditugunean, konturatu gabe baina agindu segidak egikaritzen ditugu". "Goizero eskolara etortzeko adibidez, ekintza segida bat jarraitzen dugu: esnatu, jaiki, dutxatu, lehortu, jantzi, gosaldu eta bidea egin, edo, artilezko jertse bat egiteko adibidez, behin eta berriz errepikatzen den ekintza segida bat egikaritu behar dugu", esan du.