Actualizado 04/01/2011 12:55 CET

EHUko irakasle Angel Rubiok Europako Ikerketa Kontseiluak ikertzaile gailenei ematen dizkien laguntzetako bat lortu du

Angel Rubio eta bere taldea
EHU

1,9 milioi euro jasoko ditu aplikazio energetikoak izango dituzten material berriak simulatzeko eta garatzeko

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Materialen Fisikako katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) NanoBio Espectroscopia taldeko zuzendaria den Angel Rubiok Europako Ikerketa Kontseiluak ikertzaile seniorrei ematen dizkien "ERC Advanced Grants" deritzoten diru-laguntzetako bat eskuratu du. Hautatutako proiektuaren helburua aplikazio energetikoak izango dituzten material berriak garatzea da, nanoegiturak eta biomolekulak erabilita.

Angel Rubioren hitzetan, "oinarrizko ikerketako proiektua da, asmo handiko helburuak dituena". Hain zuzen ere, helburu nagusia sistema errealetan energia hartu, gorde eta transmititzeko prozesuekin erlazionatutako fenomeno fisikoak azaldu ahal izango dituen esparru teorikoa finkatzea da. Proiektuak 1,9 milioi euro jasoko ditu eta 2011 eta 2015 artean gauzatuko da.

European Research Council erakundearen laguntza ospetsu hauek Europako ikertzaile gailenei bakarrik ematen zaizkie, edota proiekturik abangoardistenei, hau da, dagokion jakintza arloaren barruan erronka berri eta garrantzitsuei aurre egiteko gai diren proiektuei. Aurten, hirugarren urtez, 2.009 proposamen aurkeztu dira.

EHUtik adierazi dutenez, gaur egungo gizartearen mailari eusteko, dauden baliabide energetikoak zentzuz eta errespetuz erabili behar dira. Honi dagokionez, lehentasuna ematen zaio petrolioa edo gasa bezalako baliabide fosilekiko dagoen menpekotasuna murriztuko duten ordezko energiak garatzeari.

Helburu hau betetzeko beharrezkoak dira neurrira egindako ezaugarriak dituzten material berrien sorrera iragartzea ahalbidetuko duten teoria berriak, bai energia hartzeko (adibidez, material fotovoltaikoek argia xurgatzea), bai gordetzeko (besteak beste, erregai pilak eta energia kimikoa), baita garraiatzeko ere.

Sistema errealetan energia hartu, gorde eta transmititzeko prozesu hauei buruzko esparru teorikoa eraiki ahal izateko, Angel Rubioren taldeak fotosintesi artifizialeko simulazioak egingo ditu landareen fotosintesi prozesua imitatzen duten materialak erabilita eta hainbat azterlan gauzatuko ditu material fotovoltaikoez, informazio kuantikoaz eta prozesu kimikoen kontrolaz baliatuta, energia hobeki aprobetxatzen saiatzeko.

Simulaziook egiteko, ahalmen handiko ordenagailuak behar dituzte, Europako superordenagailuak, hain zuzen ere: batetik, Jülicheko (Alemania) 'Jugene' ordenagailua eta, bestetik, Bartzelonan instalatuko dena. Kalkulu ahalmen honen osagarri, ehunka prozesadoreko ordenagailua erosiko da, berariaz proiektu honetan erabiltzeko.

NANOBIO ESPECTROSCOPIA TALDEA

Angel Rubio zuzendari duen NanoBio Espectroscopia taldeak EHUko Gipuzkoako campuseko Joxe Mari Korta zentroan du egoitza eta, egun, 25 ikertzailek eta Berlingo Max Planck Institutua buru duen taldeko bost kidek osatzen dute.

Egiten dituen azterlanek (nagusiki teorikoak) mundu mailako erreferentzia bihurtu dute taldea sistemak eskala nanometrikoan modelizatzearen arloan, zenbait estimuluk eragitean (esaterako, argiak) materialen portaera ulertzeko edo iragartzeko asmoz.

Nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko simulazio teknika berriak diseinatu dituzte. Beren lanaren emaitza aplikazio espezifikoetara zuzentzen da, esaterako, argi igorpeneko gailuak, material fotovoltaiko berriak, sentsore kimiko eta biologikoak, energia hartu eta transmititzeko material eraginkorragoen bilaketa edo fotosintesi artifiziala.

Angel Rubiok adierazi duenez, "ERC Advanced Grant diru-laguntzari esker, beharrezko baliabideak izango ditugu jarri ditugun asmo handiko helburuak ondo bete ahal izateko, horien artean, nanoegituretako eta biomolekuletako disipazio eta koherentzia kuantikoko prozesuak kontrolatzearena, funtsezko prozesuak izaki sistema fotosintetiko artifizial eraginkor berriak diseinatzeko".