Eibar ospitaleko ospitaleratze unitateak hilean 25-30 paziente hartzeko gaitasuna izango du

Eibar ospitalea
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado 2019/01/14 13:38:23 CET

   DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Eibar ospitale berriak ospitaleratze unitatea jarriko du mkartxan asteazkenean, eta hilean 25 eta 30 paziente bitartean hartzeko gaitasuna izango du. Gainera, astelehen honetan hasita, pixkanaka 46 profesional gehiago sartuko dira Gipuzkoako ospitalean, ospitaleratzeetarako eta bihotzeko errehabilitazioko, arnasketa errehabilitazioko eta barne medikuntzako kanpo kontsulten zerbitzu berrietarako.

   Jon Darpón Osasun sailburuak Eibar ospitaleko instalazioak bisitatu ditu astelehen honetan, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Fátima Ansotegi Osasun Administrazio eta Finantziazioko sailburuordeak, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Marbella García Debabarrena ESIko zuzendari gerenteak lagunduta.

   Osakidetzak 2018ko urriaren 29an jarri zuen martxan Eibar ospitalea, Debabarrena ESIko 75.000 herritarrei osasun arreta hobea eskaintzeko. Aste honetan zerbitzu berriak irekitzeko bigarren faseari ekin zaio ospitalean, eta, horrela, asteazkenean, urtarrilaren 16an, Osakidetzako ospitale berriak dituen hiru ospitaleratze unitateetako baten jarduera hasiko da.

   Unitate bakoitzak zortzi logela bikoitz eta lau banako izango ditu. Guztiek izango dute ekipamendu modernoa, eta arreta jasoko duen pazientearen egoerara egokituta egongo dira, nagusiki adinekoen, gaixondo egoeran daudenen eta errehabilitaziorako beharra edo zainketa aringarrietarako beharra dutenen egoerara egokituta.

   Halaber, ospitaleratze unitate berria martxan jartzean, farmazia, sukaldaritza eta gimnasio zerbitzuak ere abiatuko dira unitate horretan ospitaleratutako pazienteentzat. Beste bi ospitalera unitateak datozen hile hasiko dira martxan. Zerbitzu berriari esker, inguruko herritarrek ez dute joan-etorririk egin beharko Donostian dauden zentroetara, egun hiriburuan ematen baitira zainketa zerbitzu horiek.

   "25-30 paziente eta beren familiak izan ahalko dira hilero ospitaleratze unitate berrien onuradun. Horren bidez, bidaiak aurreztuko dituzte paziente eta erabiltzaile ugarik. Beste aurrerapauso bat gehiago da Osakidetzaren ospitale berri honen zerbitzuak pixkanaka irekitzeko prozesuan, zeina 2019an zehar amaituko baita", adierazi du Darpón-ek.

   Era berean, datorren astean eskualderako asistentzia eskaintza berria gehituko dela iragarri du: bihotzeko errehabilitazioa. Arnasketa errehabilitazioarekin eta barne medikuntzako kanpo-kontsulten zerbitzuarekin amaituko da bigarren fasea.

   Zerbitzu horiek emateko, zenbait kategoriatako 46 profesional berri pixkanaka sartuko dira: medikuntzako eta erizaintzako langileak, farmaziako laguntzaileak, administrari laguntzaileak, gizarte langileak, terapeuta okupazioalak eta logopedak, bai eta sukaldaritzako langileak ere (dietistak, sukaldariak eta zerbitzuetako langileak).

28.825 KONTSULTA

   Eibar ospitalea inauguratu zenetik 21.595 pertsonak jaso dute arreta eta 28.825 kontsulta egin dira bertako zerbitzuetan. Osasun Sailaren eta Osakidetzaren datuen arabera, kontsulta kopururik handiena Lehen Mailako Arretan izan da: 18.472.

   Bestalde, Osasun Mentaleko Zerbitzuak 2.279 pertsonari eman die arreta, Etengabeko Arretako Gunean 1.736 pertsonak jaso dute arreta, kanpo kontsultetan 4.101 kontsulta egin dira, eta erradiodiagnostikoaren zerbitzuan 3.281 proba eta 232 erresonantzia magnetiko. Era berean, errehabilitazioko 11.525 saio egin dira.

   Eusko Jaurlaritzak 31 milioi euroko inbertsioa egin du Eibar ospitalean (27 obran eta 4 ekipamenduan), eta urtean 7,3 milioi euroko aurrekontua du. Bere instalazioetan 200 profesionalek baino gehiagok lan egiten dute, eta horietatik 97 lanpostu sortu berriak dira.

Contador