Actualizado 21/06/2022 13:56

Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena gogoratuko dute asteazkenean

Juan San Martin
EUSKALTZAINDIA

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak gogora ekarriko dute Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena (1922-2022), asteazkenean egingo den ekitaldi batean. Akademiak Gipuzkoako herrian egingo du ekaineko osoko bilkura, eta Luis Alberto Aranberri 'Amatiño' eta Jabier Kaltzakorta arituko dira hizlari ageriko bilkuran.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrenaren harira, Eibarko Udalak gorazarre egin nahi izan dio herriko seme kuttunetako bati, eta horretarako, Euskaltzaindiari eskatu zion ohiko osoko bilkura udalerrian egin zezala, ekainean, "hizkuntzaren aldeko lan etengabean aritu baitzen eibartarra Akademiaren magalean, euskarak haizea alde ez zuen urterik zailenetan".

Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen Juan San Martin 1958an, eta 1964an euskaltzain oso. Euskaltzaindiko idazkaria izan zen 1967-1978 aldian, eta 1988an euskaltzainburuorde. Arantzazuko 1968ko bileran, euskara batuaren aldeko apustu sendoa egin zuen, eta hilabete batzuk lehenago, bere ekimenez, idazle talde batek 'Ermuko Zina' deritzon dokumentua izenpetu zuen, hizkuntzaren batasuna eskatzeaz gain, herri hizkeren garrantziaz ohartaraziz.

Jaioterrian, San Martinek lan handia egin zuen hainbat arlotan: Klub Deportiboan arrastoa utzi zuen mendizaletasunean, espeleologian eta eskaladan, eta, Deportiboko Kultura saila sortzeaz gain, kirol ekintzen osagarri, hango liburutegia garatu zuen, hainbat hitzaldi, mahai inguru eta erakusketa antolatuz.

Bera izan zen, Euskaltzaindiak antolatuta, Eibarko Amaya antzokian 1962ko azaroaren 11n egin zen Gipuzkoako Bertso Txapelketaren finalaurrekoaren "bihotza eta arima", non Lazkao Txikik irabazi zuen Eibarko Udalaren kopa.

ARARTEKOA

Eusko Legebiltzarrak 1989. urtean ararteko izendatu zuen eta Arartekoaren erakunde sortu berria osatu eta egituratu egin behar izan zuen, ezerezetik abiatuta, oinarriak eta helburuak finkatuz eta lana erruz eginez.

Bere ekimenari esker sortu ziren Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea, 'Egan' aldizkaria eta beste hainbat asmo. "Idazle eta artezale, hainbat argitalpenek darakutsate haren luma zorrotz eta gai askotarikoa", nabarmendu dute Eibarko Udaletik.

Bada, asteazkenean, ekainaren 22an, Euskaltzaindia idazlearen sorterrian bilduko da goizez, eta 12:00etan, ageriko bilkuran, Luis Alberto Aranbarri 'Amatiño' kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa arituko dira hizlari, aurrenak 'Sorlekutik sorlekura' eta besteak 'Juan San Martinen gaztetako lanak: Zirikadak eta Eztenkadak' hizketagai hartuta.

Ekitaldiari amaiera emateko, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Elizanbururen poemak abestuko ditu, eta azkenik, euskaltzain eibartarraren izena daraman udal liburutegian ezarriko da urteurrenaren plaka.

Contador