EIEk eta Euskaltzaindiak bost urteko hitzarmena sinatu dute euskara eta euskal kulturaren alde

- EUSKALTZAINDIA

Actualizado: viernes, 19 julio 2019 13:35

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena duen lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, uztailaren 19an, Akademiaren Bilboko egoitzan. Aurrerantzean, euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkundearen alorretan proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da bi erakundeen arteko elkarlana.

Garbiñe Ubera EIEren lehendakariak izenpetu du akordioa; Euskaltzaindiaren izenean, berriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatu ostean, Urrutiak adierazi du hitzarmen hau "guztiz pozgarria eta onuragarria" dela Euskaltzaindiarentzat, gune berriak zabaltzen dituelako EIErekin, "bi erakundeok aspalditik daukagulako euskararekiko eta euskal kulturarekiko kezka, eta ardura hau ez da partekatzen dugun gauza bakarra".

Ildo horretan, Urrutiak beste euskaltzain baten izena eta izana gogoratu ditu bere berbaldian, hain zuzen, Juan San Martinena: "Ezin ahantzi EIEren bultzatzaile nekaezina izan zela Juan San Martin eta, horrez gain, euskararen alorrean eragileen arteko zubigintza etengabe sustatu zuen euskaltzalea".

Elkarlanaren garrantziaz eta indarraz jardun du Garbiñe Ubeda EIEko lehendakariak ere: "Geure zilborrari begiratzeari utzi eta indarrak batu behar ditugula oso garbi dugu EIEko Zuzendaritza Batzordean. Batetik, ofizio eta jardunen arteko mugak gero eta lausoagoak direlako. Baina, bestetik, ezer gutxi eragin dezakegulako, elkarlanerako gai ez bagara", esan du.

Hitzarmenak bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu behar duten zehazten du.

ILDO NAGUSIAK

Hauek dira partaidetzaren lan ildo nagusiak: EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu; bi erakundeek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak ere partekatuko ahal izango dituzte.

Bestalde, bi erakundeek euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute.

Horrela, idazleak ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak, literatura zaletasuna indartzeko lehiaketak, ikerketak, bekak eta abar abian jarri ahal izango dituzte, eta Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIEk argitaratzen dituen argitalpenetako testu-multzoez baliatzeko adostasuna erakutsi dute bi erakundeek.