EiTBk Donostia Zinemaldiaren "jarraipen informatibo handia" egingo du aurten ere

Maite Iturbe eta Jose Luis Rebordinos
EITB
Actualizado 2018/09/14 11:41:22 CET

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistako (EiTB) zuzendari nagusiak eta Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Akordioaren arabera, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta "jarraipen informatibo handia" egingo du taldearen hedabide guztietan.

Horrela, irailaren 21etik 29ra bitartean izango den 66. Donostia Zinemaldiaren inguruan xehetasunez informatzeko "ahalegin berezia" egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, ETB1en zuzenean eskainiko dira irekiera eta itxiera galak eta, ETB4n, Euskal Zinemaren Gala eta hiru Donostia Sariak. Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en.

Halaber, ETBko albistegietan tartea izango du egunero Zinemaldiak, eta zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak informatuko du bederatzi egunetan. "¡Que Me Estás Contando!", "Está Pasando" eta "Ahoz Ahoz" saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote eta "EiTB Kultura" saioak aurtengo edizioan aurkeztuko diren zenbait euskal filmeri buruzko erreportajeak eskainiko ditu datozen asteetan.

Gainera, eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio eta streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Berebat, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

"VITORIA, 3 DE MARZO"

Bestalde, Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko EiTB Gala irailaren 26an izango da, Victoria Eugenia antzokian, 21.30ean, eta bertan, Víctor Cabacoren "Vitoria, 3 de marzo" filma proiektatuko da. Santanderreko zuzendariaren lehen film luzea da, eta 1976an Espainiako poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean Gasteiz astindu zuten gertakariak islatu ditu.

Amaia Aberasturi aktorea da protagonista nagusia: Begoña. Erdi mailako klaseko familia batean bizi den 18 urteko gaztea da. Bertatik bertara biziko ditu "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astindu zuten gertaerak. Gero eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai bera, bai haren familia, zeinen alde jarri aukeratu beharrean izango dira. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria eta herrialde osoa ez dira gehiago berberak izango.

Drama historiko honetako aktore zerrenda nagusia Mikel Iglesiasek, Ruth Diazek, Alberto Berzalek, Jose Manuel Sedak eta Oti Manzanok osatzen dute.

11 EKOIZPEN

Bestalde, urtero bezala, Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren hainbat ekoizpenek ETBren parte hartzea izan dute. Zehazki, ETBk Zinemaldian izango diren 11 ekoizpen babestu ditu. "Dantza" Telmo Esnalen azken lana horietako bat da, eta Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean aurkeztuko da. Zinemaldiaren historian sail honetan parte hartuko duen euskarazko zazpigarren ekoizpena izango da, "Amalur" (1978), "Ke arteko egunak" (1989), "Bertsolari" (2011), "Loreak" (2014), "Amama" (2015) eta "Handia" (2017) filmen ostean.

Halaber, New Directors sailean lehiatuko den "Oreina" Koldo Almandozen bigarren film luzea, Perlak atalean Donostia Hiria saria lortzeko lehiatuko den Raul de la Fuenteren eta Damian Nenowren "Un día más con vida / Another day of life" eta Culinary Zineman aurkeztuko den "Bihar dok 13" Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak zuzendutako lana ere ETBren babesa dute.

"Vitoria, 3 de marzo" filmaz gain, Zinemira sailean aurkeztuko diren beste zazpi lanek izan dute ETBren parte hartzea: "Mudar la piel" (Ana Schultz eta Cristobal Frenández), "Black is beltza" (Fermin Muguruza), "Jainkoak ez dit barkatzen" (Josu Martinez), "Gallo" (Antonio Diaz Huerta), "Gure oroitzapenak" (film laburrez osatutako lan kolektiboa), "Margolaria" (Oier Aranzabal) eta "Errementari" (Paul Urkijo).