EiTBk eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Vicentye Atxa eta Maite Iturbe
EITB
Actualizado: martes, 18 diciembre 2018 16:50

BILBO, 18 Dic. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB) lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan, bi erakundeen arteko harremanari eta lankidetzari oinarri jartzeko asmoz. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak sinatu dute hitzarmena, EiTBko Bilboko egoitzan.

Hitzarmenak bi aldeen interesekoak diren proiektuetan elkarlana bideratzea ahalbidetuko du: ikerketan, esaterako, euskarazko komunikabideen esparruari eta informazioaren kontsumo ohiturei buruzko azterketak eginez; hezkuntza mediatikoaren arloan, komunikabideen inguruan erakusteko eta ikasteko modua landuz; aholkularitza kontuetan, unitate didaktikoak garatuz; edota sor daitezkeen gainerako interesgune komunetan.

Gainera, Mondragon Unibertsitateko ikasleei praktikaldia EiTBn egiteko aukera eskainiko zaie, eta Mondragon Unibertsitateko gradu zein graduondoko ikasleek bi erakundeen intereseko proiektuak jorratu ahal izango dituzte EiTBn.

Azkenik, lankidetzari esker, Mondragon Unibertsitateak ateak zabalduko dizkie EiTBko profesionalei eskolak eman ditzaten. Modu horretan, arlo akademikoa eta lan mundua uztartzeko egokiera eskainiko zaie hala profesionalei nola ikasleei.