Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra egingo da azaroaren 26an, Bilbon

Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra aurkeztu dute
UEU
Actualizado: miércoles, 27 octubre 2021 13:53

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra egingo da azaroaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatuta. Azken joera teorikoen berri izan eta pil-pilean dauden gaiez modu kritikoan eztabaidatu, unibertsitatea eta profesionalen arteko zubi lanak egin eta sarea sortzea du helburu topaketak. Izena emateko epea zabalik dago, www.ueu.eus webgunean.

Jardunaldiaren aurkezpenean parte hartu dute Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuak, Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko koordinatzaile eta gobernu batzordeko presidenteordeak eta Unai Tamayo EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Euskara, Ikasleen eta Enplegarritasuneko dekanordeak.

Sarasolaren esanetan, UEUren egitekoa topaguneak eskaintzea da, "hausnartu eta eztabaidatzeko guneak behar beharrezkoak baititugu aurrera egin nahi baldin badugu". "UEUk unibertsitateko adituak eta alorreko profesionalak biltzen ditu, euskaratik eta euskaraz eraikitzeko", nabarmendu du.

Hori egiteko, gainera, "bidelagun ezin egokiagoak" topatu dituztela adierazi du: "Elkarlanaren sinergiak aberatsago egiten gaitu. Hori dela eta, Ekonomisten Euskal Elkargoarekin eta EHUrekin alor honetan abiatu dugun bideak urrutira eramango gaituela ziur gaude".

Bestalde, Barandiaranen esanetan, Ekonomista Euskaldunen Biltzarra "mugarri polita" da beren lanbiderako. "Ekonomialari euskaldunok elkarrekin egon, elkar ezagutu eta lanbidea euskaraz ere garatu daitekenaren erakusgarri dira, nahiz asko duten oraindik egiteko", azaldu du.

Bide horretan, Ekonomisten Elkargoak Euskara Komunitatea duela gogorarazi du, "pausu txikiak ematen ari dena ahal duen heinean". Adierazi duenez, "ekonomisten profesioa eta orokorrean profesio gehienak, oraindik oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz burututa ere. Lan mundurako saltoa bermatu beharraren ajeak".

Bada, elkargoak lan munduan lanbide hau euskalduntzeko eta ekonomia mailan euskara bultzatzeko konpromisoa ere badu. "Horretarako sortu da Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitatea eta, indarrak metatu asmoz, abiatu du elkarlana UEUrekin ere. Biltzar hau lekuko", gaineratu du.