Ekosistemen modelizazioari buruzko nazioarteko topaketa egingo da aste honetan, Bilbon

Astelehenetik ostegunera dira topaketak
BC3
Actualizado 2018/10/08 11:57:33 CET

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroak International Spring University (ISU) topaketa antolatu du, Bilbon, ekosistemen modelizazioa sakon aztertzeko. Jardunaldiak astelehenetik ostiralera izango dira, urriaren 8tik 12ra, eta nundu osotik heldutako adituak ariko dira, giza jardueraren eta ekosistemen jasangarritasunaren arteko harremana ulertzeko balio duten eredu zientifikoak jorratzen.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, topaketan aztertuko diren eredu zientifiko berriei esker, ingurumena kudeatzeko baliogarri den informazio zehatzagoa eman daiteke, eta topaketan honen ebidentzia eman nahi dute. Bereziki, "ekosistemen zerbitzuen" garrantziak, hau da, gizakiok ingurumenetik jasotzen ditugun onurak aztertuko dituzte jardunaldiotan.

Zerbitzu horietako onura batzuk dira elikagaiz, lehengaiz, landarez, animaliaz eta abarrez hornitzea. Beste batzuk, baina, ez dira aintzat hartzen giza jarduera planifikatzeko eta kudeatzeko, besteak beste, erregulazio zerbitzuak (laboreen polinizazioa, lurzoruaren higaduraren prebentzioa eta uraren araztea) eta zenbait zerbitzu kultural (adibidez, aisialdiko zerbitzuak edota ongizate hobeagoa ematen duten zerbitzuak).

Topaketaren antolatzaileen arabera, gaur egungo ikerketek ingurumena azaltzen saiatzen diren eredu matematikoak sortu dituzte, giza jardueraren eta ekosistemaren arteko harremana nolakoa den erakusten dutenak eta harreman horiek etorkizunean zer jokalekutara iritsi litezkeen ebaluatzen dutenak.

"Ekosistemak egokiro kudeatzeko, berriz, zerbitzu horien eginkizunak sakonago ulertu behar dira, eta haietan eragina duten erabaki politikoak hobeago planifikatu eta kudeatu, beti jasangarritasuna eta berdintasuna irizpide nagusitzat hartuta", azaldu dute.

BC3 zentroaren ekimen bat da International Spring University, eta María de Maeztu ziurtagiria jaso du duela gutxi. Severo Ochoa-María de Maeztu (SOMMa) aliantzako partaide da BC3. Espainiako ikerketaren bikaintasuna zaintzea eta sustatzea du helburu aliantzak, eta ikerketaren eragin ekonomikoa eta soziala areagotzea, Espainian zein nazioartean.

2013an hasi zen International Spring University, ekosistemen modelizazio topagune espezialista gisara, eta, harrezkero, mundu osoko ehunka ikertzailek eta teknikarik hartu dute parte. 2018ko topaketan laguntzaile dira Novia Salcedo Fundazioa eta Ihobe sozietate publikoaren Basque Ecodesign Hub-a.