ELAk bilera eskatu dio Emakunderi Osakidetzak "emakumeen aurkako diskriminazio larriak" egiten dituela salatzeko

Actualizado 2017/03/09 13:11:31 CET

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

ELA sindikatuak bilera eskatu dio Izaskun Landaia Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak "emakumeen aurkako diskriminazio larriak" egiten dituela salatzeko. Hain zuzen, "berekizi deigarria" iruditu zaio sindikatuari, "behin behineko kontratazioan haurdun edo amatasun bajan dauden emakumeak ez kontratatzeko praktikak".

ELAk jakinarazi duenez, Osakidetzan sei hilabetetik beherako aurreikuspena duten kontratazioak erakunde bakoitzean egiten dira, eta ez erakunde zentraletik, eta askotan salatu du "haurdun dauden emakumeei edo erditu berri dauden emakumeei kontratu hauek ez zaizkiela eskaintzen".

"Osakidetzako praktika hau epai ezberdinek emakumeekiko diskriminazioa dela adierazi dute eta, ondorioz, administrazioek egoera hauetan dauden emakumeei, kontratazio zerrenden arabera kontratua dagokienean, kontratatzeko betebeharra dutela", azaldu du.

Horrela, azkenaldian era honetako "bi kasu larri" aztertu dituela adierazi du ELAk. "Kasu batean, kontratua bukatu baino hilabete lehenago umea izan berri zen pediatra bati jakinarazi zioten ez ziotela kontratua berrituko eta ez ziotela kontratu berririk eskainiko amatasun baja bukatu arte", esan du.

ELAk salatu du egoera ezagutu eta Osakidetza aurrean salatu arren, "kontratua bukatutzat" eman ziotela. Sindikatuaren arabera, langabezian zela pediatriako lanpostu batzuk hutsik geratu ziren eta ez zizkioten eskaini; "are okerrago, pediatrarik langabezian ez zegoenez familia medikuak kontratatu zituzten pediatria lana egiteko".

"Giza Baliabideetako Zuzendaritza Orokorra egoera guztiaren jakitun zen diskriminazioa gertatu baino hilabete lehenago, eta informazio horren jabe izan arren, zuzendaritzak ezin izan zuen diskriminazioa ekidin, edo ez zuen diskriminazioa ekidin nahi izan", salatu du.

Beste kasu batean, ELAk azaldu du haurdun zegoen anatomia patologikoko langile batek baja hartu behar izan zuela bere lanean arriskutsuak ziren produktuekin lan egiteagatik. "Kasu honetan ere ez zioten kontratua berritu eta kontratu berriak eskaini behar zizkioten momentuan ez zizkioten eskaini", adierazi du.

Hori guztia dela eta, sindikatuak bilera eskatu dio Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariari, Osakidetzak "emakumeen aurkako diskriminazio larriak" egiten dituela salatzeko.