ELAk dio larunbateko martxa "gizarte gehiengoaren sentipenarekin" bat datorrela eta salbuespena ez izateko deia egin du

Actualizado 2014/01/13 14:39:48 CET

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   ELA sindikatuak adierazi du larunbatean Bilboko kaleetan egin zen manifestazioa "gure gizarteko gehiengo handiaren sentipenarekin" bat datorrela, eta mobilizazioa salbuespena ez izatea deialdian parte hartu zuten eragile guztien "ardura" dela azpimarratu du.

   ELAk egungo une politikoaz egin duen gogoetaren berri eman du, azken egunotako gertakarien ostean, hala nola EPPKo bitartekarien atxiloketak, miaketak, Tantaz Tanta ekimenaren manifestazioaren debeku eta azkenean larunbatean egin zena.

   Horrela, larunbateko martxara deitu eta bat egin zutenei zorionak eman dizkie, "erreakzio gaitasun handia erakutsi baitzuten eskubide zibil eta demokratikoen aurkako astakeria baten aurrean". "Deialdiak gure gizartearen gehiengo handiaren sentipenarekin bat egin du, eta zoriondu beharrekoak dira baita ere Euskal Herrian inoiz izan den manifestaziorik handiena posible egin zuten herritarrak", esan du.

   Halaber, ELAk adierazi du "berriro" egiaztatu dela PP "Estatuan egiten ari den inboluzioa zein larria den", eta "eskuin muturrarekin lehian" ari dela salatu du, "oztopo politiko bihurtuz edozertarako, normalizazio politikorako, gatazka politikoa bideratzeko". Gainera, gai ekonomiko eta sozialetan "agenda ultraliberala eta zentralista" ari dela ezartzen kritikatu du.

   "Euskal Herrian aldebakarreko urrats garrantzitsuak egin dira normalizazio politikoa finkatzeko (etorkizunean are gehiago beharrezkoak izango dira). Aspaldian espero ziren urratsak. Halere, espainiar Gobernuak ebidentzia ukatu eta bere aldetik errepresioa zein debekua besterik ez du jartzen. Bere ekintzak paranoia baten emaitza dira, izan ere, euskal ordezkaritza politikoaren zati bat legez kanpo zegoen garaien antsiz baitago", azaldu du.

UKAPENA ESPARRU GUZTIETAN

   ELAren iritziz, garrantzitsua da "PPren ukapena esparru guztietara hedatzen" ari dela, bai eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen agenda politikoko gaietara ere. "Gure ustez ez dago aldebiko harremanik garatzeko aukerarik inposizio gordinaren eragile direnekin -ziurtatu du-. Ez dago aldebiko harremanik, ez bada menpekotasuna onartzen. Espainiako gobernutik datorren eraso maila horrekin normaltasun instituzionala ezin da izan euskal politikaren iparra".

   Azkenik, "proiektu politikoen arteko lehia ahalbidetuko duen normalizazio politikoa nahi dugunontzat eta gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lan egin nahi dugunontzat", joan den larunbateko mobilizazioa ez litzatekeela salbuespena izan beharko azpimarratu du, "eta hori hala izatea deialdi honetan parte hartu dugun guztion ardura da".

   "Ikur politiko berrien garaian gaude, eta hauek larunbatean Bilbon egon ginenon artean egindako hausnarketatik etorri behar dute, bai eta gizartearen parte hartze aktibotik ere: hau gabe ez du etorkizunik izango Madrilekin aurrez-aurre jarri nahi duen proiektu politiko batek ere", esan du.