Elena Odriozola ilustratzailea, Hans Christian Andersen sarietarako hautagai

Elena Odriozola.
GALTZAGORRI
Publicado: sábado, 25 enero 2020 13:31

BILBO, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

IBBY gazte literaturako nazioarteko elkarteak aurtengo Hans Christian Andersen sarietako hautagaiak iragarri berri ditu, eta ilustratzaileen atalean sei izan dira aukeratutako artistak, tartean Elena Odriozola ilustratzaile euskalduna. Haur eta gazte literaturaren alorrean mundu mailako saririk ospetsuenak dira Hans Christian Andersen sariak, Galtzagorri Elkarteak jakinarazi duenez.

Odriozolak birritan jaso du Euskadi Saria (2009 eta 2013), Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala 2015ean eskuratu zuen eta, urte berean, Bratislavako Biurtekoan Urrezko Sagarra irabazi zuen. Odriozolak martxan jarri berri du bere argitaletxea: Editorial Modernas El Embudo.

Martxoaren 30ean, Bologniako HGL azoka entzutetsuan jakitera emango dute aurtengo Andersen sarietako irabazleen izenak; bata idazlea, bestea ilustratzailea. Odriozolarekin batera, Junko Yokota buru duen epaimahaiak aukeratutako beste bost ilustratzaileak dira Isabelle Arsenault (Kanada), Seizo Tashima (Japonia), Iwona Chmielewska (Polonia) eta Albertine (Suitza).

IBBYk munduan barrena dituen ordezkaritzetatik 36 izendapen jaso zituen; tartean, Odriozolarena Galtzagorri Elkarteak OEPLI Espainiako HGL elkarteari proposatutakoa. Sariak IBBYren 37. Biltzarrean emango dituzte, Moskun, datorren irailean.

Izendapen horietatik guztietatik sei aukeratu dituzte, eta epaimahaikideek egileen obra osotasunean aintzat hartu dutela adierazi dute; hain zuzen, obraren kalitate estetikoa zein literarioa, eta haren freskotasuna eta berritzeko xedea. Halaber, haurren jakin-mina eta irudimena xaxatzeko gaitasuna eta baliabide estetikoen aniztasuna baloratu dituzte.

Idazleen atalean, jasotako 34 izendapenetatik hautatutako sei idazleak ondokoak dira: Maria Cristina Ramos (Argentina), Bart Moyaert (Belgika), Marle-Aude Murail (Frantzia), Farhad Hassanzadeh (Iran), Peter Svetina (Eslovenia) eta Jaqueline Woodson (AEB).