Elhuyar Fundazioak sistema bat garatu du mugikor bidez euskara ikasteko

Ezkerretik eskuinera: Solabarrieta, Laouris eta Nogueras
ELHUYAR FUNDAZIOA
Actualizado 2011/10/14 18:28:25 CET

DONOSTIA, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Europako Batasuneko Hezkuntza eta Kultura Batzordeak babestuta eta Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuak gidatuta, Elhuyar Fundazioak Moblang europar ikerketa-proiektuan parte hartu du. Proiektu horretan ikertutakoaren ondorioz, hizkuntzak ikasten lagunduko duen mugikorretarako aplikazio bat lortu da, eta Elhuyar Fundazioa euskarazko aplikazioaren garapenaz arduratu da.

Moblang proiektuan bi urtez egin dute lan erakunde hauek: Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutua eta Zipreko Unibertsitatea, Britainia Handiko Luzia Research erakundea eta Saint Mary Unibertsitatea, Greziako Dromos eta Antigone erakundeak, eta Elhuyar Fundazioa.

Lan horren emaitza den aplikazioa gaur aurkeztu dute Donostian, Itziar Nogueras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak, Yiannis Laouris Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuko zuzendariak eta Danel Solabarrieta Elhuyar Fundazioko langileak.

Proiektua Europako hizkuntza gutxituak babesteko sortu da, eta MALL (Mobile Assisted Language Learning) sisteman dago oinarrituta. "Oraingoz, grekorako, albanierarako, turkierarako, euskararako eta gaelikorako garapenak sortu ditugu", adierazi du Yiannis Laourisek. "Baina beste edozein hizkuntzatarako egokitu daiteke", gaineratu du.

Euskarazko aplikazioaren ardura Elhuyar Fundazioarena izan da, eta, Danel Solabarrietak azaldu duenez, "aplikazio hau lagungarria izan daiteke euskara ikasten ari direnentzat, erabiltzaileak nahi duenean eta oso erraz erabil dezakeelako".

Gaiaren harira, datorren astelehenerako, urriaren 17rako, mintegi bat antolatu dute Moblang-eko arduradunek Donostiako Bazkundean: "Mugikor bidezko ikaskuntza, etorkizuneko hezkuntza". Mintegia hasteko, Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Jose Mari Rodriguez Ibabe Elhuyar Fundazioko lehendakariak hitz egingo dute. Ondoren, mundu osoko hezkuntza-, teknologia- eta ikerketa-adituen txanda izango da.