Elkartean mugimenduak 'Emakumea eta Desgaitasuna' gida argitaratu du

Actualizado: viernes, 5 marzo 2021 16:11

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Elkartean Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarteen Mugimenduak 'Emakumea eta Desgaitasuna' gida argitaratu du Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunaren testuinguruan. Desgaitasuna duten neska eta emakumeen eskubide berdintasuna eta diskriminazio eza aldarrikatzen du lanak.

Gida martxoaren 8tik aurrera izango da eskuragarri, eta Elkartean Mugimenduaren (www.elkartean.org) eta lurraldeetako elkarteen webguneetan deskarga daiteke: Eginaren Eginez (www.eginez.org), Elkartu (www.elkartu.org) eta Fekoor (www.fekoor.com).

"Desgaitasun fisikoa duten neska eta emakume guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiez erabat eta besteen baldintza berberetan gozatu ahal izatea" aldarrikatu nahi du Elkartean-ek, "diskriminazio mota oro ezabatuz".

Bada, 'Emakumea eta Desgaitasuna' gida "beste urrats bat da" aldarrikapen horretan, eta haratago joanda, dokumentuari erabilgarritasuna eman nahi zaio, "desgaitasuna duten neska eta emakumeen aukera berdintasuna eta eskubideak defendatzeko".

Gidaren egileek egungo egoera aztertu dute, eta egin duten diagnosian, "patriarkatuaren kulturak itzal luzea" duela nabarmendu dute, bai eta "kolektiboaren desgaitasuna bakarrik hautematen duten zapalkuntza faktoreak" elkartzen direla.

Horrela, salatu dute faktore horiek diskriminazio egoerak sortzen dituztela, haa nola "ikusezintasuna, eskubideen ukatzea, autoestimu baxua edota ahalduntzea mugatzea, hau da, berdintasun eza, diskriminazioa, zaurgarritasuna, bazterketa edo isolamendu arriskua areagotzen duten faktoreak".

Elkartean-en iritziz, egoera bideratzeko zeharkako irtenbideak aplikatu behar dira, eta beharrezkoa da "genero ikuspegia desgaitasun politiketan aplikatzea eta desgaitasun ikuspegia genero politiketan aplikatzea".

Zentzu horretan, desgaitasuna duten neska eta emakumeen erabateko garapena, aurrerapena eta indartzea ziurtatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea aldarrikatu du, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.