Emakume langileek pandemian egindako "funtsezko lana" aitortu dute Bizkaiko Aldundiak eta BBK-k Zirgari sariarekin

Zirgari Sarien berri eman dute.
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 25 febrero 2021 16:03

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emakume langileek pandemian egindako "funtsezko lana" aintzatetsi dute berdintasunerako Zirgari sarien seigarren edizioan, bizitzarako oinarrizko zerbitzuei eustea ahalbidetu baitu.

Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun foru diputatuak eta Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak eman dute sarien epaimahaiaren erabakiaren berri, ostegun honetan, Bilbon.

Itsasadarraren ondoan egin dute prentsa agerraldia, eta bi metro baino gehiagoko zirgari baten eskultura aurkeztu dute bertan. Zirgari Sarietan ematen den ia 30 zentimetroko sari fisikoaren eredu izateaz gain, eskultura multzo baten parte da, eta hurrengo hilabeteetan behin betiko jarriko da zirgariek duela mende bat itsasontziak beren indarraz eta soka baten laguntza bakarraz zeharkatzen zuten eremu berean.

Sariok martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunari lotuta daude, eta martxoaren 5ean banatuko dira Bilboko BBK Salan, edukiera murriztuarekin. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Bizkaiko Aldundiaren Youtubeko kanalean eta TeleBilbaon.

Horrela, Zirgari Ohorezko Saria 'Pandemiako Emakume Langileak' taldeari eman zaio, anestesista, erizain eta gainerako osasun langileen, supermerkatuetako, Gurutze Gorriko eta beste erakunde batzuetako langileen, adinekoen egoitzetako profesionalen, garbiketako langileen edota farmazialarien garrantzia aitortuz. "Pandemian zehar funtsezko zerbitzuei eutsi dieten pertsonak, gehienak emakumeak izan direnak", nabarmendu dute.

Hain zuzen, honako hauek jasoko dute saria: Diana Ly Liu Basurtuko ospitaleko anestesistak, Sonia Rodríguez supermerkatu langileak, Elena Gómez Gurutze Gorriko langileak, Ainara Arana Galdakaoko ospitaleko erizainak, Sonia Dacosta Birjinetxe egoitzako langileak, Anta Ndongo Basurtuko ospitaleko garbitzaileak eta Elena Artetxe Basurtuko farmazia bateko langileak.

Pandemian lan egiten duten emakume guztiak haien bidez aitortzeko beharra eta aukera nabarmendu du epaimahaiak. Izan ere, "euren funtsezko eginkizuna gure gizartearen funtsezko zerbitzuei eusteko baliagarria izan da, birusak indarkeriarik handienaz jo gaituenean".

Halaber, Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko Zirgari Saria Lagun Artean elkarteak jasoko du, bere harrera zentroan egiten duen lana aintzatetsiz; Ahalduntze eta balio aldaketaren kategorian, Inspira STEAM programaren garrantzia nabarmendu epaimahaiak; eta Herritartasun aktiboaren kategoriari dagokionez, Mungiako Diz Diz Elkarteari eta Sestaoko Neba Neba Elkarteari emango zaie saria.