Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguneko adierazpena egin du Jaurlaritzak
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 12:56

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak gaitzespen irmoa adierazi du indarkeria sexistaren adierazpide guztien aurrean eta konpromisoa berretsi du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko. Azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan Jaurlaritzako gobernu bilerak.

Adierazpenaren arabera, guztiz beharrezkoa da gogoratzea emakumeen kontrako indarkeriaren erroa emakume eta gizonen berdintasun eza dela, eta, beraz, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko berdintasuna landu behar dela.

"Horregatik esaten diegu bai indarkeria sexista prebenitzeko beharrezkoak diren berdintasun politikei; bai esaten diogu genero estereotipo eta rolek ezarritako mugarik gabe neska-mutilek euren bizitza proiektuak garatu ahal izateari; bai esaten diogu errespetuan oinarritutako harremanak sustatzeari; bai esaten diogu emakumeen ahalduntzeari; bai esaten diogu hiritar guztiak eta bereziki gizonak berdintasunarekin inplikatzeari. Hitz batean, bai esaten diogu berdintasunari, ez baitago berdintasuna sustatzea baino tresna eraginkorragorik emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko", dio adierazpenak.

Halaber, Jaurlaritzaren arabera, garrantzitsua da eskerrak ematea egunero indarkeria jasan duten emakumeen arretaz eta babesaz arduratzen diren arlo ezberdinetako profesionalei. Bereziki, emakumeak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzan lan egiten jarraitzearen garrantzia nabarmendu du, arreta horren bitartez emakumeak lagundu ahal izateko beren erreparazioan eta ahalduntzean.

Gainera, Jaurlaritzak gogoratu du gizarte osoaren inplikazioa "funtsezkoa" dela emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko, eta sail guztiek arlo horretan Emakunderekin inplikatzen eta lan koordinatua egiten jarraituko dutela berretsi du.

Azkenik, EAEko Gobernuak herritarrak animatu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean beren gaitzespena erakustsi dezaten, eta indarkeria jasan duten emakumeei babesa erakutsi diezaieten azaroaren 25erako hainbat herri eta hiritan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz.