Energiaren Euskal Erakundeak zortzi milioi euro banatuko ditu aurten laguntzen programaren bidez

Zarraonaindia (ezkerrean) eta Ansola
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Actualizado 2018/04/30 12:40:56 CET

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Energiaren Euskal Erakundearen 2018ko laguntzen programak zortzi milioi euroko hornidura izango du. Sektore guztietan energia aurrezteko proiektuak bultzatzea eta iturri berriztagarrien erabilera sustatzea dira programaren helburu nagusiak. Neurri horiei esker aurreztuko den energia Euskadiko urteko energia kontsumoaren %0,25 izango dela uste da.

Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak Bilbon egindako prentsa agerraldian iragarri dutenez, laguntzak hamar programatan banatu dira, eta programa horiek bi bloke handitan bildu: energiaren arrazoizko erabilerarako lineetan batetik, eta energia berriztagarrien instalazioak sustatzeko programetan bestetik.

Hain zuzen, energia aurrezteko eta energiaren arrazoizko erabilerarako lineek 4,5 milioi euroko hornidura izango dute, eta industria, hirugarren sektore, tokiko administrazio publiko, garraio eta energia zerbitzuen enpresetara zuzenduta daude. Sektore horiek guztiek energia asko kontsumitzen dute, eta horregatik tarte handia dute kontsumoa eta energia faktura murriztuko duten neurri zuzentzaileak sartzeko. Guztira, 1.250 proiektu baino gehiago egikaritzen laguntzea espero da.

"Neurri horiek hainbat jardunetarako diru laguntza emango dute, besteak beste, industria instalazioen energia berrikuntzarako, auditoriak egiteko, energia kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzeko eta argiteria sistemak berritzeko. Garraio alorrean, nabarmentzekoak dira, batetik, gas natural bidezko ibilgailu astunak eraldatzeko neurriak, eta, bestetik, elektrizitatea zein beste erregai alternatiboak kargatzeko puntuen ezarpena. Partikularrei laguntzak ere emango zaizkie, halaber,lagundutako pedalkada duten bizikletak eskuratzeko", azaldu dute.

Halaber, energia berriztagarriak aprobetxatzeko laguntzek instalazio jakin batzuen ezarpena sustatu nahi dute, hain zuzen ere, beren tamaina dela eta, ezarritako potentziari esker energia iturri konbentzionaletan aurrezteko ahalmen handia duten instalazioen ezarpena. Ildo horretan, biomasa eta geotermia instalazioei lehentasuna emango zaie, biak ere 70 kW-tik gorako potentziarekin, eta, produkzio elektriko berriztagarriari dagokionez, instalazioek gehienez 250 kW eduki ahal izango dute saretik aparte daudenen kasuan, eta gehienez 1 MW sare elektrikoari konektatuta daudenen kasuan, fotovoltaikoak, eolikoak zein minizentral hidroelektrikoak izan.

Neurri horiek 2.000.000 euroko hornidura dute guztira, eta, horren bitartez, Euskadin ezarritako potentzia termikoa 10 MW igotzea eta potentzia elektrikoa 360 kW igotzea espero da, hori guztia aurreikuspenen arabera babestuko diren 360 instalazio berriren bitartez. Ekitaldi honetan, garapen bidean dauden itsas energietako teknologia-probak eta ikerketak bultzatzen jarraituko da.

BERRITASUNAK

Berritasunen artean, industrialdeetarako laguntzetarako babes linea zehatz bat sortu da ekitaldi honetan, enpresa zentro horietan energia hobekuntzak sar daitezela sustatzeko. 1,5 milioi euro askotariko jardunetarako izango dira, hala nola argiteria berritzeko, biomasa edo kogenerazio instalazioen bidez beroa eta hotza modu zentralizatuan sortzeko eta sarean banatzeko bideragarritasun azterlanak, garraio proiektu pilotua eta abar.

Programak irekitzeko prozesua mailakatua izango da. Hala, datorren ostegunean, maiatzaren 3an, lehen sektore programak jarriko dira abian, bereziki energia eraginkortasunaren esparruan kokatzen direnak, eta, aurreikuspenen arabera, ekainerako indarrean izango dira energia berriztagarriak aprobetxatzeko teknologiekin eta industrialdeetako energia hobetzearekin lotutako laguntzak.

Halaber, aurtengo deialdian nabarmen igo da eskaerak aurkeztu eta tratatzeko modalitate telematikoa eskaintzen duten programen kopurua. Zehazki, 2018an zazpi programa kudeatu ahal izango dira bitarteko telematikoak erabiliz Energiaren Euskal Erakundearen web korporatiboaren bitartez, eta hiru bakarrik izapidetu beharko dira modu konbentzionalean, Energiaren Euskal Erakundeak Bilbon dauzkan bulegoetan.

Laguntza horiek guztiek 40 milioi euro inguruko inbertsioak mobilizatuko dituzte energia merkatuan instalazio eta zerbitzu berriak abian jartzeko, aurreikuspenen arabera babestuko diren 1.400dik gorako proiektuei esker. Aurreikuspenen arabera, behin ekintza guztiak egikaritu ondoren urtean 13.369 ptb (petrolio-tona baliokideak) aurreztuko da energian, hau da, Euskadiko urtebeteko energia kontsumo osoaren %25.

Deialdi honen hornidurak 1,5 milioi euro gehiago izango du 2017ko ekitaldikoak baino, eta horrek esan nahi du atal honetarako aurrekontua %23 haziko dela, gutxi gorabehera. Joan den urtean bederatzi laguntza programa jarri ziren abian, kasu horretan ere energia eraginkortasuna eta jatorri berriztagarriko energia kontsumoa jomugan, eta horien bitartez energia hobetzeko 1.058 proiektu diruz lagundu ziren guzira, 12.234 ptb (petrolio-tona baliokideak) aurrezteko lagungarri izan zirenak.