Enpresarean Azoka urriaren 22an izango da, Hernaniko Orona Ideon

Enpresarean Azoka 2020
BAI EUSKARARI ELKARTEA
Actualizado: martes, 2 junio 2020 18:19

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Enpresarean Azoka urriaren 22an egingo da, Hernaniko Orona Ideon (Gipuzkoa), eta garapen iraunkorrerako helburuen aplikazioa euskal enpresa sarean jorratuko du. Hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dira. Halere, antolatzaileek ez dakite covid-19aren bilakaerak ekitaldian nola eragingo duen, eta badaezpada prest dituzte "A, B, C eta D planak".

Enpresarean Azoka Bai Euskarari Elkarteak sustaturiko 'Enpresarean' egitasmoaren ardatz bat da. Horren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea.

Horrela, antolatzaileek astearte honetan jakinarazi dutenez, Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Euskaragileak enpresa batzordeak egindako proposamen batetik sortu da aurtengo gaia.

Enpresa horien iritziz, administrazioak eta enpresak Garapen Iraunkorrerako Helburuak lantzen hasi dira, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) abian duen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren baitan. Marko horrek 17 helburu definitu ditu, mundua hobetzeko, baina hizkuntza aniztasuna ez da modu esplizituan aipatzen.

"Gure ustez, berezko lekua eskaini beharko litzaioke hizkuntzari Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean eta olatua baliatu beharko genuke lanketa eta proposamen bat egiteko, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte erantzukizunaren parte baita", adierazi dute.

Hala, gai hori aintzat hartuta, Enpresarean jardunaldiak hiru zutabe izango ditu: Jasangarritasuna, Hizkuntza eta Inklusibitatea eta hazkunde ekonomikoa. Hizlari eta parte hartzaile guztiak lotzen ari dira orain antolatzaileak, eta irailean zabalduko dute ekitaldiaren egitaraua eta izena emateko formularioa.