EPRI erakundearen esperientzia erabiliko da euskal industriaren deskarbonizazio prozesuan

Euskal erakundeetako eta EPRI erakundeko kideak.
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 5 diciembre 2022 13:39

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskal industriaren deskarbonizazio prozesuak AEBetako EPRI erakundearen esperientzia zabala baliatuko du aurrerantzean, SPRI Taldearekin egindako akordioari esker. Bi erakundeek elkarrekin identifikatuko dituzte deskarbonizaziorako teknologiak 'Net-Zero Basque Industrial Super Cluster' ekimenaren esparruan.

Bi erakundeen arteko lankidetza baliagarri izango da deskarbonizazio prozesua azkartzeko, eta ekimenaren bazkide sustatzaile diren Arshad Mansoor EPRIko presidente eta zuzendari nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak egindako topaketan berretsi dute astelehen honetan.

Topaketa Zamudion egin da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, eta bertan izan dira Petronor, Iberdrola eta Energia Klusterreko ordezkariak ere, proiektuko bazkide nagusi diren aldetik.

EPRI 1972n sortutako irabazi asmorik gabeko energiaren ikerketa eta garapenerako munduko erakunde independente nagusia da, eta bulegoak ditu munduko hainbat tokitan. EPRIko adituek 450 enpresa baino gehiagorekin lan egiten dute 45 herrialdetan, eta berrikuntza bultzatzen dute publiko orokorrak mundu osoan elektrizitate garbia, segurua, fidagarria, eskuragarria eta ekitatiboa izango duela bermatzeko.

Euskal erakundeekin berretsitako lankidetzari esker, EPRIk bere esperientzia eskainiko du 'Net-Zero Basque Industrial Super Cluster' ekimena modu optimoan garatzeko. Ekimenaren helburua da industriaren energia kontsumoak deskarbonizatzeko prozesua azkartzea eta Euskadirentzako merkatu aukerak sortzea, teknologia berrien eta zerbitzu berritzaileen eskalatzean oinarrituta.