7 de Apirila de 2020
 
Actualizado 2017/1/19 12:17:37 +00:00 CET

Eraikuntza iraunkorraren arloko sari bat jaso du Jaurlaritzak, Portugaleten egindako eraikin batengatik

Saritutako Portugaleteko eraikina
IREKIA

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Zuzendaritzak Portugaleten (Bizkaia) berriki eraiki duen etxebizitza sozialeko eraikin baten energia sistema berritzaileak Gaztela eta Leongo Gobernuaren Eraikuntza Iraunkorra Saria eskuratu du, Bizitegi Kolektiboa kategorian. Gaztela eta Leongo Gobernuak bi urtean behin ematen dituen sari horiek eraikinen eta ingurumenaren arteko integrazioan erreferentzia diren proiektuak eta eraikuntza jarduketak aitortzen dituzte.

Saritutako eraikina Portugaleteko Repelega auzoan dago. Hiru bloke eta alokairu sozialeko 32 pisu hartzen ditu eta bere berritasuna da konponbide ezberdinak uztartzen dituela energia aurrezpena areagotu eta energia kontsumoa ia hutsekoa egiteko, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Honela, aurrealdean isolamendu ezberdinak (6 cm-ko poliuretanodun sandwich panela, gehi 5 cm-ko harri-zuntza eta 10 cm-ko hormigoi zelularreko bloke bat) daramatzan itxitura orokor bat jarri da. Hego-mendebaldeko etxe aurrean, halaber, trombe horma bat eta solar-wall delako itxitura jarri dira. Trombe hormak eta solar-wall itxiturak eguzkiaren energia eta beraietan sortzen den airearen berotzea aprobetxatu eta aipatu airea eraikinaren aireztapen mekanikoko sistemara daramate. Solar-wall itxiturak, halaber, beroketaren eta ur bero sanitarioaren ekoizpenean laguntzen duen estaldurako bero ponparen errendimendua hobetzen du.

Bestalde, eraikinak zentralizatutako fluxu bikoitzeko hiru bero berreskuragailu ditu. Horiei esker, etxebizitzak aireztatu eta euren energia eskaera murrizten da, aire berri eta garbia baina aldez aurretik berotua sartzen baita etxebizitzetan.

EGUZKI PANELAK

Gailu horiez gain, estalduraren azal lauak 80 eguzki panel fotovoltaiko hartzen ditu. Hauek, energia garbia sortu eta aipaturiko aireztapen sistemak eta eraikinaren zerbitzu orokorrak elikatzen dituzte: igogailuak eta eskaileretako argiak.

Gas naturala kondentsatzeko galdara zentral bat eta kogenerazio galdara bat ere erabiltzen direla nabarmentzen da. Azken horrek gasa erretzean sorturiko beroa hartu eta energia elektrikoa ekoizten du, gero zerbitzu komunetan erabiliko dena. Eraikinaren beroketa aurreko sistema horiez baliatzen da eta zoru bero emaile azpiko ur hodien bidez gauzatzen da.

Horri guztiari esker, A kalifikazio energetikoa lortu da eta lehen mailako energia kontsumoa urtea 60 kWh/m2-tik beherakoa da. Aipatu kalifikaziorako eraikinean dauden energia kontsumo guztiak aintzat hartu dira, ez ordea etxeko tresnen erabilerari dagokion kontsumoa.