Eric Bibb, Paul Lamb & The King Snakes eta Trudy Lynn, Getxoko 31. Blues Jaialdian

- GETXO & BLUES - Archivo
Actualizado: martes, 16 julio 2019 14:07

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Getxoko 31. Nazioarteko Blues Jaialdia ospatuko da ostegunetik larunbatera, eta Eric Bibb, Paul Lamb & The King Snakes eta Trudy Lynn izango dira ordainezko saioen protagonistak. Kontzertuak Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan izango dira, ostegunean 20:00etan eta gainerako egunetan 21:00etan. Estilo anitz hartzen dituen egitaraua borobiltzeko, doako lau kontzertu eta kaleko desfileak izango dira Bizkaiko udalerriko beste kokapen batzuetan.

Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, Eric Bibb (New York, 1951) egungo blues akustikoaren gitarrista nabarmenetakoarekin hasiko da jaialdia, ostegunean, uztailaren 18an. 20 urte bete baino lehen, New York jaioterria utzi zuen aldaketa bila eta, aldi batean Parisen izan ondoren, Suedian finkatu zen. Bertan hasi zen jatorriko blues beltzeko sustraietan inspiraturiko musika lantzen, betiere AEBetatik kanpo izandako esperientziatik jasotako eragina gehituta.

Hala, gospel eta country estiloak Karibeko inspirazioarekin eta soinua afrikarrekin uztartzen ditu. Estudioko 20 lan baino gehiago eta kolaborazio ugari ditu, eta bi aldiz izendatu dute Grammy sarietarako, "Shakin' a Tailfeather" (1997) eta "Migration Blues" (2017) diskoengatik.

Ostiralean, uztailaren 19an, Paul Lamb (Blyth, Ingalaterra, 1955) izango da Getxok, The King Snakes "Britania Handiko blues talderik onenarekin". Paul Lamp harmonika jotzaile, abeslari eta konpositore nekaezina buru duela, edozein estilo interpreta dezake taldeak, hala nola rhythm & blues, Texaseko blues elektrikoa edo Louisiana, Delta eta Mendebaldeko Kostaldeko erritmoak.

Azkenik, larunbatean, hilaren 20an, Trudy Lynn (Houston, 1947) kantari beteranoak amaituko du kontzertu nagusien egitaraua. 1960ko hamarkadaren hasieran ekin zion ibilbideari, Albert Collins mitikoarekin abestuz eta Ike & Tina Turner abeslarien birak irekiz.

Beste musikari eta talde batzuekin kolaboratuz eginiko ibilbide luzearen ondoren, 1989an bere bakarkako lehen disko luzea argitaratu zuen: "Trudy Sings the Blues". Horri esker, "Houstongo Soularen Diva" izendatu zuten. Guztira, 13 diskok osatzen dute bere ibilbidea, eta hainbat estilotara moldatzen jakin izan du: soul, blues klasikoa eta soinu komertzialak.

BESTE SAIOAK

Ordainpeko eskaintzarekin batera, Getxoko Blues Jaialdiak doako saoiak ere eskainiko ditu. Hala, ostiralean eta larunbatean, Detractors eta Frank Blackfield Band taldeak arituko dira Algortako The Piper's Irish Pubean, 23:00etan hasita.

Gainera, larunbatean eta igandean, Getxo & Blues Kirol Portuko ostalaritzako terrazetan izango da, 13:00etan hasita, indartsu dabiltzan Bizkaiko bi talderen kontzertuekin: Blue Bird eta Mississippi Queen & The Wet Dogs. Emanaldi horiekin bluesa ingurune desberdinera eta publiko desberdinengana hurbildu nahi da, familiengana adibidez, ez baitute aukerarik gaueko kontzertuetara etortzeko.

Azkenik, Algortako hirigunean Marchin' Granujas a Todo Ritmo Street Band dibertigarriaren musika animazioa izango da larunbatean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.