Eroski Fundazioak eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute

Eroski Fundazioak eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute
EROSKI
Actualizado: miércoles, 22 mayo 2019 13:02

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eroski Fundazioak eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteak (EZE) iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, eta aurrerantzean ere elkarrekin lan egingo dute elikadura espezifikoa behar duten pertsona zeliakoei erosketa baldintza hobeak eskaintzeko elikagaietan.

Hitzarmena berritzeko ekitaldian izan dira Eroski Fundazioko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoa eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendari Mireia Apraiz.

Akordioa berrituz, Eroskik berriz hartu du konpromisoa glutenik gabeko produktuen eskaintza hobetzeko bere saltokietan; gaur egun, merkatuan lider diren marketako 2.500 produktu baino gehiago aurki daitezke jada Eroskiren saltokietan. Gainera, konpromisoa hartu du bere markako produktu espezifikoak ere glutenik gabe eskaintzeko, eta EZEk egiaztatuko ditu merkatura ateratzen diren produktu berriak.

"Orain dela urtebete, glutenik gabeko 500 produktu bermatu baino gehiago genituen gure markan, eta orain produktu espezifikoen beste sorta bat dugu. Hitzarmena berrituta, beste pauso bat eman dugu osasunaren eta iraunkortasunaren arloan hartu ditugun konpromisoetan, kontuan hartuz elikadura espezifikoa behar duten pertsonek nutrizioaren ikuspegitik dituzten beharrizan espezifikoak, kasu honetan zeliakoenak", adierazi du Martinez Berriochoak.

Halaber, hitzarmen honekin, EZEko bazkideei %20ko deskontua eskainiko die Eroskik glutenik gabeko produktuak erosten dituzten bakoitzean, izan Eroski markakoak, izan glutenik gabeko produktuak egiten dituzten ekoizle espezifikoenak. Urtebeteko ibiliaren ondotik, dagoeneko 1.426 erabiltzaile ditu, eta hori EZEko bazkideen erdia da gutxi gorabehera. Deskontu hori gauzatzeko, Eroski Club txartelaren diru zorroan sartzen zaie aurreztu dutena.

"Etxean zeliako bat duten familiek gastu handiagoa izaten dute oinarrizko elikagaiak erosteko garaian. Hitzarmen honen bidez, EZEko bazkide izan eta etxean kide bat gutxienez zeliako duten familiek aukera izango dute urtean 300 euro baino gehiago aurrezteko", azaldu du Martinez Berriochoak.

AHOLKULARITZA

Bestalde, Euskadiko Zeliakoen Elkarteak konpromisoa hartu du modu aktiboan laguntzeko eta beharrezkoa den aholkularitza eskaintzeko kooperatibari, zeliakoen kolektiboak produktu eta zerbitzu eskaintza egokia eduki dezan.

"Euskadiko Zeliakoen Elkartea oso pozik dago Eroskik eta biek orain urtebete sinaturiko hitzarmen honen arrakastarekin. EAEn antolatzen dugun zeliakoen egun nazionalarekin bat egiten du, gainera. Hitzarmena berrituta, beste lorpen bat eskuratu dugu gure aldarri nagusietako batean: glutenik gabeko produktuek daukaten prezio handia arintzea. Eta ildo horretan jarraitu nahi dugu", adierazi du Apraizek.