BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Eroski taldeak 2024ko otsailaren 1tik uztailaren 31ra bitarteko seihilekoko kontuak itxi ditu, salmentetan "igoera sendoa" erakutsiz, "erronkaz betetako testuinguruan egonik ere". Hala, jardueraren bolumenean salmenta gordinak 2.865 milioi euroraino iritsi dira, hau da, aurreko ekitaldiko epealdi berean baino %2,5 gehiago.
Eroskitik jakinarazi dutenez, elikagaien arloko salmenta gordinetan 2.722 milioi euroraino iritsi da, 2023an baino %3,3 gehiago. Bilakaera horretan, "harrera ona" izan dute taldeak 2021etik prezioei eusteko eta hori sustatzeko egin dituen ahaleginak, kostuen igoerak salmenta prezioetan hain ondorio larria ez izateko. Alde horretatik, "eginahal handia" egin du inpaktu hori txikitzen, 33 milioi eurora helduz.
Taldearen emaitza positiboa 50,2 milioi eurokoa izan da, iazko lehen seihilekoan baino 19,7 milioi euro gutxiago, prezioen lehiakortasuna hobetzeak inpaktua izan duelako eta 2023ko ekitaldiaren lehen zatian ezohiko emaitzak izan zirelako.
Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiaren hitzetan, "urtearen lehen erdian elikagaien salmenta gordinen hazkundea sendotu dugu, %3,3 handiagoa izan baita 2023ko epe berean baino. Igoera hori neurri handian gure prezio politika berriak bultzatu du, eginahal nabaria egin baitugu kontsumitzaileen sakela arintzeko".
"Horren adibide garbi bat 33 milioi eurotik gorako aurrezkia bildu izana da. Aurrezki hori Eroskin erosketa egin dutenen mesedetan joan da, 2024ko lehen sei hilabeteetan prezioak txikitu baikenituen 5.700 produktutan baino gehiagotan. Horri esker, indartu egin da prezioan dugun lehiakortasuna eta erakargarritasun komertziala", esan du.
Bestalde, inflazio testuinguruan egonda ere, Eroskik lortu du bere gastuen igoera apala izatea 2023ko lehen erdiarekin alderatuta, eta "horrek erakusten du kudeaketa efizientea egin duela eremu guztietan, efizientzia hobetzeko jarduerei jarraipena emanda".
Era berean, ebitda 155 milioi euroraino iritsi da ekitaldiko lehen seihilekoan, eta %6 inguruko tasa sendoetan kokatu da. Horren ondorioz, ekitaldiaren itxierarako aurreikuspenak onak dira, eta aurreko urteko epe berean izandakoaren antzekoak espero dira; hain zuzen, hazkundea sendotzen eta errentagarritasuna egonkortzen saiatuko da.