Errenteriako Udalak larrialdi plana osatu du G-7koen goi bilerak eragin ditzakeen auto pilaketen inguruan

Actualizado: miércoles, 21 agosto 2019 15:45

DONOSTIA, 21 Ago. (EUROPA PRESS) -

Errenteriako Udala lanean ari da Babes Zibilarekin, Gurutze Gorriarekin eta SOS Deiak erakundearekin koordinatuta, abuztuaren 23an, ostiralean, 24an, larunbatean eta 25ean, igandean, herriaren inguruko autobideetan gerta daitezkeen auto pilaketen ondorioei aurre egiteko. Biarritzen (Lapurdi) egingo duten G-7koen goi bileragatik mugaren inguruan harturiko segurtasun neurriek eragin ditzakete aipatu pilaketak.

Larrialdietarako arduradunek adierazi dutenez, auto pilaketak, batez ere, AP-8, AP-1 eta GI-20 errepideetan gerta daitezke, eta baita horien alternatiba gisa erabil daitezkeen errepideetan ere, bereziki, GI-636 errepidean.

"Hori dela eta, Errenteriako Udalak herritarrei gomendatzen die egoera honek irauten duen bitartean ibilgailu pribatuak ezinbestekoa denean bakarrik erabiltzea. Hau da, autobus urbanoa erabiltzea herri barruan; eta, herritik kanporako bidaietarako topoa zein Renferen aldiriko trena erabiltzea; izan ere, hauek izango baitira eragin txikiena jasango duten garraio bideak", adierazi dute Udaletik.

Era berean, Errenteriako Udalak hainbat eraikin jarri ditu larrialdi plan honen mesedetan. Hartara, Belabaratz aterpea, eta Agustina Otaola pilotalekua zein ondoko tenis pista harrera guneak izateko prest dauzkate larrialdi arduradunek behar bezain azkar erabili ahal izateko. Horregatik, ekipamendu hauek astelehenera arte, hilaren 26 arte, ezin izango dira erabili ohiko jardueretarako.

Horrez gain, larrialdi egoerak derrigorrezkoa eginez gero, autokarabanarekin bidaiatzen dutenek Lousadan aparkatu ahal izango dute egun horietan.