Actualizado 03/05/2021 11:35 CET

Eskola jazarpeneko 100 kasu identifikatu ziren joan den ikasturtean EAEn, aurrekoan baino lau gehiago

Maite Ruiz (ezkerrean) eta Begoña Pedrosa.
IREKIA

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola jazarpeneko 100 kasu identifikatu zituen Euskadiko ikastetxeetan 2019-2020ko ikasturtean, hau da, aztertutako 795 kasuen %12,58 eta aurreko ikasturtean baino lau gehiago.

Horrela, ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua egonkortu egin da, beherakada oso apalarekin: 2018-2019ko ikasturteko %12,72tik 2019-2020ko ikasturteko %12,58ra.

Hala jakinarazi dute astelehen honetan, Gasteizen egindako prentsa agerraldian, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiak.

Azken hamarkadan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela nabarmendu dute: 2008-2009ko ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 795 izatera. Hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 39 kasutik 100era, 12 ikasturteko epe berean.

Azaldu dutenez, hezkuntza komunitatean eta gizartean eskola jazarpenarekiko dagoen "gero eta sentsibilitate maila handiagoa" da datuon zergati nagusia, jazarpen kasuen gorakada baino gehiago.

Izan ere, ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak "arreta handiagoa" jarri dute gai honetan, eta horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da. Halaber, datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmen dute Hezkuntza Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen "jarrera aktiboagoa".

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren 2019-2020ko ikasturtean: 100 kasuetatik 63. Antzeman diren kasuen izaera edo tipologia aztertuz, gehien gertatu ziren eraso motak honako hauek izan ziren: hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa.

Bestalde, identifikatutako kasu guztien %25ean, jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu zen.

BIZIKASI

Azken ikasturteko eskola jazarpen kasuei buruzko datuekin batera, Pedrosak Bizikasi ekimena ere izan du hizpide, duela lau urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. 'Bullying'-ari aurrea hartzea du helburu ekimenak, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz.

Horretarako, lau urteko ibilbidean, hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du sailburuordeak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira.

Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Bizikasi ekimenaren baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez; hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu.

Contador