27 de Otsaila de 2020
 
Publicado 2019/12/4 10:09:42CET

Etikak, historiak, psikologiak eta pedagogiak memoria historikoari egiten dioten ekarpena aztertuko dute Donostian

Oroimenaren Hariak topaketa.
EDE FUNDAZIOA

DONOSTIA, 4 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bakeola Bizikidetza, Gatazka eta Gazte Eskubideak erakundeak 'Oroimenaren hariak' mintegia egingo du asteazken honetan, abenduaren 4an, Donostiako Aiete jauregian, etikak, historiak, psikologiak eta pedagogiak memoria historikoari egiten dioten ekarpena aztertzeko asmoz. Emilio Silva Memoria Historikoaren Berreskurapenerako Elkarteko presidenteak parte hartuko du jardunaldian, besteak beste. Mintegia arratsaldeko 16:00etatik 19:30era bitarte izango da.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Emilio Silva aditua eta erreferentea da memoria historikoan, gaia oso ondo ezagutzen baitu, eta mintegiaren hitzaldi markoa emango du, 'Recuperación de la memoria histórica: aspectos éticos y políticos' izenburupean.

Halaber, Maria Chiari Bianchini, Historia Garaikidean eta Ikerlan Amerikarretan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Università degliStudi di Roma Tre-n; Dario Pérez, Memoria en red erakundeko kidea; eta, Iratxe Momoitio Gernikako Bakearen Museoaren zuzendaria ere daude parte hartzaileen zerrendan.

Mintegiaren antolatzaileen arabera, "batzuetan, memoria historikoa berreskuratzeko prozesuek, iragan tragiko bat konpontzeko borondatetik eta orainaldi baketsu bat eraikitzeko asmoz sortuak, haien inguruan aritzen diren 'hari' eta disziplinak aintzat hartzen dituzten inguruko gogoeta eta kontraste sakonen falta izaten dute".

"Etika, historia, pedagogia eta psikologia, besteak beste, memoria historikoa berreskuratzeko prozesuetan ekarpenak egin ditzaketen 'hari' batzuk dira. Mintegian, hain justu, diziplina horiek memoriari egiten dizkioten ekarpenak zeintzuk diren aztertu nahi da, haien inguruan hitz egin, partekatu, eta haien balioaz eta erabilera sozialaz gogoeta egin", azaldu dute.