"Etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiei" Donostiako manifestazioan izatera dei egin diete

'Euskara Aurrera' Manifestazioa
GAZTE EUSKALTZALEEN SAREA
Actualizado: jueves, 19 mayo 2022 14:05

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Ehunka herritarrek eta euskalgintzako zein beste esparru batzuetako dozenaka gizarte eragilek bat egin dute 'Euskara Aurrera' lelopean larunbatean Donostian egingo den manifestazioarekin, eta "etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiei" martxan parte hartzera dei egin diete antolatzaileek.

Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatutako mobilizazioa 17:30ean abiatuko da, Donostiako Antiguako tuneletik, eta "denona, denontzako eta etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona" dela nabarmendu dute: "Euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena; azken batean, euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten guzti-guztiena. Horiei guztiei larunbatean Donostiako kaleak betetzeko gonbita egiten diegu".

Antolatzaileen arabera, euskarak bizi duen "makalalditik irten" behar da. Haien iritziz, duela hamarkada batzuk "hilzorian" zegoen arren, "guztion artean emaniko hauspoak berriz bizitu zuen" euskara, baina, halere, "ez dugu euskara normalizatzea lortu eta azken urteotan geldialdia sumatu dugu euskalduntze prozesuan".

"Batetik, ez dute etenik euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialek, eta horrek ez du aurrera egin dezan laguntzen. Bestetik, interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan", ohartarazi dute.

Modu honetan, moblizazioaren antolatzaileen irudiko, "euskarak aurrera egin dezan egoerari aurre egin eta instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar du".

AUTOBUSAK

Jakinarazi dutenez, Gasteizen, Iruñean, Baionan eta Bilbon autobusak jarri dituzte larunbatean Donostiara joateko, eta beste hainbat lekutatik ere izango dira. Horrez gain, hainbat herritan trenez edota autoz elkarrekin joateko hitzorduak antolatu dituzte.

Lagunekin edo familiarekin batera Donostian "egun-pasa polita egiteko aukera paregabea" izan daitekeela nabarmendu dute, "aldarrikapena eta aisialdia uztartzeko aukera, kezka berbera dugunokin batera egoteko aukera; euskara praktikatzen aukera". Gainera, eguraldi aurreikuspenen arabera, giro bikaina izango dela aipatu dute, eguzkia eta lainoak tartekatuko baitira, gehienez 23 graduko tenperaturarekin.

Gazte Euskaltzaleen Sareko kide batzuek abiatutako ekimenaren helburua zen manifestazioa guztiona izatea, "etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona", eta, hein handi batean, lortu dute helburua, manifestazioa bere egin baitute hainbat eragile eta norbanakok. Halaber, euskalgintzako eragile nagusiek emandako babesa ere "funtsezkoa" izan dela nabarmendu dute.