Etorkizuneko lankidetzetarako kanal formal eta egonkorra ezartzea adostu dute Euskadik eta Korsikak

Iñigo Urkulluk eta Gilles Simeonik izan duten bilera.
IREKIA
Actualizado: martes, 13 abril 2021 17:58

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Gilles Simeoni Korsikako Gobernuko presidenteak bilera izan dute astearte honetan, telematikoki, eta lankidetza memorandum bat sinatu dute bertan. Horri esker, Euskadiko eta Korsikako erakundeek aldebiko harremanen garapena bultzatu eta etorkizuneko lankidetzetarako oinarri komun bat eskaini ahal izango dute. Modu honetan, Euskadik Flandriarekin, Bavariarekin, Quebecekin edo Jiangsurekin dituen harreman estrategikoen sarean sartu da Korsika.

Hitzarmenaren bitartez, bete egin da Euskadiko eta Korsikako gobernuen arteko konpromisoa, harremanetarako bide formal eta egonkor bat ezartzeko. Izan ere, bi aldeek "lotura estuak eta nortasun kultural sendoa" dituzte.

Alde horretatik, Urkulluk adierazi du pozik dagoela Frantziako Asanblada Nazionalak korsikeraren eta euskararen alde hartu berri duen erabakiarekin, eta "urrats historikotzat" jo du. Bere ustez, "inflexio puntu bat da erabaki hori, gure hizkuntza, hezkuntza, nortasuna eta kultura biziberritzeko, Europak bere aniztasuna aktibotzat hartzen du eta".

Azaldu duenez, Korsikak eta Euskadik etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute historian zehar, sustrai historiko eta kultural sakonei eutsiz, eta erakundeen lankidetzaren eta "gure autogobernua" bultzatzearen aldeko apustua egin dute.

"Memorandum honek bide bat irekitzen du, gure herrien ongizatea hobetzeko, Europa berri bat eraikitzeko partekatzen dugun proiektuaren esparruan", esan du.

MEMORANDUMA

Urkulluk eta Simeonik izenpetutako hitzarmenak hasiera batean bost urteko indarraldia du eta proiektu eta ekimen bateratuak bultzatzeko lan esparru batzuk identifikatzen ditu, hala nola euskararen eta korsikeraren hizkuntza normalizaziorako politikak, bereziki hizkuntza horien ezagutza, biziberritzea eta erabilera bultzatzeko.

Hakaber, kanpoan bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak barne hartzen ditu, bereziki, interkonexioa ahalbidetzen eta errazten duten egiturak, komunikazio kanalak, tresnak edo erregulazioak partekatuz.

Azkenik, Europako gaien esparruko lankidetza aipatzen du akordioak, Europako Batasuneko gobernantza eta erabakitze prozesuetan Euskadiko eta Korsikako erakundeak gehiago kontuan har daitezela eskatzeko.