Actualizado 14/01/2022 12:33 CET

Etxegabeei aterpea emateko dispositiboa indartu du Bilboko Udalak, datozen egunetako hotz handia dela eta

Etxegabeentzako oheak Bilbon
BILBOKO UDALA

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko dispositiboa indartuko du, datozen egunetarako tenperatura hotzak aurreikusten baitira. Eguraldia aldatu arte, premiazko zenbait neurri aktibatu dira, ahalik eta pertsona gutxien egon daitezen kalean lotan eta hotzetik babestu daitezen.

Horrela, gizarte bazterketako zerbitzuaren erabiltzaileentzako ostatu lekuen kopurua gehitu du udalak hotz denborale honetan. Iñigo Zubizarreta Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, "erabaki honen helburua da etxerik ez daukaten pertsonarik gehienek, ostatua eskatzen badute, arreta egokia jaso dezatela".

Bada, zerbitzua behar duten pertsonak harremanetan jarri beharko dira Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin (Uribitarte kalea 11, 94 470 14 60 telefonoa), kalean lan egiten duten gizarte hezitzaileen taldearekin edo udaltzaingoarekin (092 eta 112).

Era berean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak detektatzeko elkarlanean ari da udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko arretako gizarte baliabideekin, hau da, eguneko zentroekin eta jantoki sozialekin, besteak beste.

Eguraldi hotza dagoenean, Bilboko Udalak aterpeetan sartzeko baldintzak gutxitzen ditu, aterpeetan ez da bajarik izapidetzen eta egonaldiak modu automatikoan luzatzen dira, hotz boladak irauten duen bitartean. Denboralea igarotzen denean, kasuak berriro baloratuko dira.

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailak egoeraren eta eguraldi aurreikuspenen jarraipen iraunkorra egingo du, eta aplikatu beharreko balizko neurriak baloratuko, egoera denboran luzatzen baldin bada. Aurreko urteetan bezala, larrialdiko toki gehiago prestatuko dira, eskaririk egonez gero.

Bilboko Udalak gaueko harrerako udal zerbitzua eskaintzen du, Gizarte Zerbitzuen Legea garatzen duen dekretuan araututako eskumena betez. Eskaintzen diren baliabideak intentsitate txikiko dispositiboak dira, bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko, bereziki etxegabeei. Gaua igarotzeko baliabideak dira, eta berehala ematen dira, iraupen laburreko egonaldiak egiteko (gehienez astebete).

Urte osoan zehar 365 leku dauzka, hiri guztian dauden 11 baliabidetan, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak ezartzen dituen betebeharrei erantzuteko. Plaza horiekin, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen dizkion errekerimenduei erantzuten die udalak.

631336.1.260.149.20220114123332
Vídeo de la noticia
Contador