Etxepare Euskal Institutuak Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuina bost hizkuntzatan argitaratuko du

Actualizado 2012/12/20 17:33:26 CET

BILBO, 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuak Eider Rodriguezen "Katu jendea" ipuina euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratuko du Euskal Sortzaileak Saila bildumaren baitan. Itzulpenok, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) Etxepare Institutuaren babesarekin eta Paueko UPPA unibertsitatearekin lankidetzan urrian antolaturiko "Idazlea itzultzaileen lantegian" ekimenaren emaitza dira.

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, "Idazlea itzultzaileen lantegian" ekimena antolatu zuen EIZIEk joan den urrian, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin eta UPPA unibertsitatearekin lankidetzan. "Izan ere, gure literaturaren lagin bat mundu zabalean ezagutzera emateko bidea ematen du lantegiak besteak beste, han itzultzen diren testuen bitartez", Etxepare Euskal Institututik adierazi dutenez.

Eider Rodriguez idazlea eta bost itzultzaile jarri zituzten mahai baten bueltan, eta, "Katu jendea" ipuina ardatz harturik, ikuspegi berri bati heldu eta hiru itzulbide desberdin aztertu zituzten: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa.

Etxepare Euskal Institutuak argitaratuko duena tailerraren emaitza da, hots, Eider Rodriguezen ipuina bost hizkuntzatan: "Katu jendea" euskaraz; "Gatos" -Eider Rodriguezek berak gaztelaniara itzulia-; "Tant de chats" -Joana Pocheluk euskaratik zuzenean frantsesera itzulia-; "Katzenmenschen" -Gabriele Schwabek euskaratik alemanera zuzenean itzulia-; "Katmensen" -Peter Smaardijk eta Henrike Olasolok euskaratik nederlanderara itzulia-; eta "Chats" -André Gabastouk gaztelaniatik frantsesera itzulia-.

"Katu jendea" Euskal Sortzaileak Saila bildumaren hirugarren alea izango da, Bernardo Atxagaren*"Borrokaria"*eta Anjel Lertxundiren*"Non omnis moriar"*lanen ondoren. Bi horiek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratu ziren. Aurrekoak bezala, "Katu jendea" www.etxepareinstitutua.net webgunean zintzilikatuko da.