Etxepare Euskal Institutua nazioarteko azoka eta jaialdietan izango da berriz euskara eta euskal kultura zabaltzeko

Actualizado 2019/09/24 13:48:08 CET
- ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

Hainbat ekimen egingo ditu unibertsitateekin elkarlanean euskara munduan zehar irakatsia izan dadin

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi du ikasturtea "intentsitate handiz" hasi duela, eta, euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzeko eta merkaturatzeko dituen sareak erabiliz, nazioarteko azoka eta jaialdietan izango dela berriz ere, bere lana munduan zehar erakusteko asmoz, eta foro horietara kultur arlo ezberdinetako hamaika euskal artista, enpresa eta proposamen joan daitezen bideak eskainiko dituela.

Horrez gain, institutuak nazioarteko hainbat unibertsitaterekin elkarlanean sustatutako euskara eta euskal kultur irakurletza sarea, hainbat katedra eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera antolatzen duen formakuntza ikastaroa berriz ere jarriko dira martxan ikasturte berriari begira. Gainera, katedra berri baten inaugurazioa izango da udazken honetan: Buenos Airesko unibertsitateko Amale Artetxe Katedra, Argentinan.

Horrela, irail, urri eta azaroan zehar, Etxepare Institutuaren sustapenez, euskal musika, zinema eta ikus-entzunezkoak, literatura, arte eszenikoak eta arte performatiboa nazioarteko hamaika jaialdi, azoka eta ekimenetan izan edo izango dira euren emanaldiak eskaintzen eta proposamenak aurkezten.

Literaturari dagokionez, nazioarteko puntako jaialdi eta azoketan izan eta izango dira euskal idazleak. Irailaren 5etik 8ra bitartean egin zen Hay Festival Queretaro jaialdian Leire Bilbao idazlea izan zen, eta bi ekintzatan hartu zuen parte; irailaren 13tik 15era bitartean, Asisko Urmeneta marrazkilaria izan da lantegi batzuk eskaintzen Bruselako Fête de la BD komiki azokan.

Etorkizunera begira ere ekintza franko egingo dira literaturaren esparruan. Alde batetik, Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalen Sareak (EUNIC, ingelesezko sigletan) Bruselan antolatzen duen Transpoesie jaialdian Luis Garde poeta izango da, irailaren 26an. Halaber, Poloniako Wroclaw hirian egiten den Wroclaw Short Story Festival narrazio motzen jaialdian hartuko du parte Ana Malagón idazleak, urri hasieran.

Amerikara salto eginez, batetik, Anjel Lertxundi idazlea izango da Miami Book Fair azoka entzutetsuan eta, bestetik, Eider Rodriguez idazle eta itzultzailea Mexikoko FIL Guadalajara azokan. Amaitzeko, Etxepare Institutuak Eskozian urtean zehar antolatu duen Scotland Goes Basque proiektu kulturalaren baitan, urriaren 17an, Europa Transit egitasmoaren 'Pafos - Mugaminak' dokumentala eskaini eta bertan agertzen den Amets Arzallus bertsolaria gonbidatu dute bertso saioa eskaintzera.

ZINEA ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK

Euskal zinema eta ikus-entzunezkoak ere protagonista izango dira nazioarteko hainbat forotan. Irailean zehar, Uruguaiko Zinematekan euskal zinema ziklo bat izan da, eta Txileko Viña del Mar hiriko Zinema Jaialdian Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' filma eskaini dute. Irail bukaeran euskal zinemak Londresera egingo du bisita, London Spanish Film Festival jaialdian, azken urteetan bezala, Euskal Leihoa izeneko sail bat antolatuko baita.

Bestalde, urrian, telebistaren eta eduki digitalen txanda izango da Cannesko MIPCOM azokan. Azaroan zehar, 'Dantza' filmak bira egingo du Argentinako euskal etxeetatik, Telmo Esnalen eta Gari Otamendiren bisitarekin; New Yorken beste euskal zinema ziklo bat antolatuko da; eta, azaro amaieran, Mexiko Hiriko Animasivo jaialdian, Muguruzaren 'Black is Beltza' eman eta Begoña Vicario animaziozko filmen egilea gonbidatuko dute lantegi bat ematera.

Euskal musikak ere oihartzuna izango du munduko bazter ezberdinetan. Batetik, jada igarotako Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian, 'Laboa Jazz' emanaldia eskaini zuen Iñaki Salvador musikariak bere jazz bandarekin irailaren 14an eta 16an, eta Kataluniako Vic herrian egiten den Mercat de Música Viva de Vic azokan Lumi taldea izan zen emanaldia eskaintzeko hautatua.

Egunotan, Bartzelonako EH Sona jaialdia ari da ospatzen: irailaren 21ean hasi zen Egurra eta Kitto taldearekin, eta bi hilabete luzez euskal talde ezberdinek kataluniar hiriburuko aretoak beteko dituzte. Halaber, urri amaieran, Womex folk musika jaialdia egingo da Finlandiako Tampere hirian, eta bertara Korrontzi taldea joango da, eta azaroan Sevillan egingo den Monkey Week jaialdian, Amorante euskal musikaria izango da.

Azkenik, Scotland Goes Basque egitasmoaren baitan egingo den Europa Transit zikloaren parte gisa, Mursego artista gonbidatuko dute urriaren 20an Glasgow hirira, 'Sarajevo - Erresilientzia Soinuak' izeneko dokumentalean agertzen dela aprobetxatuz, musika emanaldia eskaintzera.

Amaitzeko, arte eszenikoen eta performatiboen alorretan, batetik, urtero irailean egiten den Fira Tàrrega azokan Hortzmuga eta LaRutan konpainiak eta Itsaso Iribarren eta German de la Riva artistak izan ziren euren emanaldiak eskaintzen. Arte performatiboen alorrean, azkenik, Scotland Goes Basque egitasmoaren barruan udazkenean egingo den Europa Transit ziklora gonbidatu dute 'Plovdiv - Kaleko Dantzariak' dokumentalean agertzen den Sra Polaroiska bikotea, urriaren 11n eta 12an, eta dokumentala aurkeztu ez ezik, 'Lur Away' izeneko performancea eskainiko du.

UNIBERTSITATEAK

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak beste urte batez ekin dio nazioarteko hainbat unibertsitaterekin harremanetan sustatzen duen euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzari.

Batetik, institutuak munduan zehar kudeatzen dituen unibertsitateetako 35 irakurletzak martxan jarri dira berriro. Irakurleek, kasu gehienetan, euskara eta euskal kultur eskolak eskaintzeaz gain, hainbat kultur ekintza antolatzen dituzte ikasturtean zehar, ikasleek euskal kultura bertatik bertara bizi dezaten, eta horietatik batzuk jada hasi dira udazkeneko ekintza horiek prestatzen.

Atzerriko zentroetan irakurle izateko asmoa dutenei zuzendutako ikastaro bat ere antolatzen du Etxepare Institutuak, HUrekin elkarlanean: 'Atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa'. Udazkenero egin ohi da eta, aurten Gasteizen egingo denak jada zabalik du izena emateko epea, urriaren 1a bitarte.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuak zortzi katedra ditu abian nazioarteko izen handiko unibertsitateetan. Horietako hiruk, udazkenean zehar jorratuko dituzte euren egitarauak: New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedrak, Massachusetts-Amherst Unibertsitateko William Douglas Katedrak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrak, hain zuzen.

Aurten, gainera, bederatzigarren katedra bat martxan jarriko du Etxepare Euskal Institutuak, Argentinako CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundearekin duen hitzarmenari esker. Katedra horren izena Amale Artetxe izango da, eta urriaren 31n egingo da inaugurazioa.

Contador