Europar Batasunetik kanpo esportatzen duten Gipuzkoako enpresen kopurua %12 igo zen 2016an

Actualizado 2017/01/10 11:39:04 CET
Merkataritza erakundearen egoitza
GIPUZKOAKO BAZKUNDEA

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako enpresek Europar Batasunetik (EB) kanpo egindako esportazioek hazten jarraitzen dutela adierazten dute Gipuzkoako Bazkundeak 2016an igorritako esportaziorako agiriek. Hain zuzen, 2015eko datuekin alderatuz, esportaziorako agiriak eskatu dituzten Gipuzkoako enpresen kopurua %12 igo zen 2016an, eta 713 enpresa izatera iritsi ziren.

Era berean, merkantziaren jatorria bermatzen duten eta esportatutako produktuak bidaliko diren herrialdean erabili ahal izateko egokiak direla egiaztatzen duten esportaziorako agirien izapideak %7 igo ziren, Gipuzkoako Bazkundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Herrialdeei dagokionez, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, India, Txina, Aljeria, Turkia, Kuba, Errusia eta Iran dira merkantzia bertara esportatu ahal izateko esportaziorako agirien eskaera gehien izaten dituzten herrialdeak. Era berean, eta neurri txikian bada ere, Gipuzkoako enpresentzat ezohikoak diren herrialdeetara ere esportazioak egiten hasi direla ikusten da, hala nola Armenia, Benin, Burkina Faso, Ghana, Moldavia, Reunion, Zimbabwe, Bahamak, Samoa, Djibuti eta Mongoliara.

Bestalde, aldi baterako esportazioen igoera %26koa izan zen 2016an. Aldi baterako esportazioak, kanpoan egin behar diren instalazioak, makinaren bat abiaraztea edo antzekoak egiteko eraman behar den material profesionalarekin batera dihoazen agiriak dira, "oso erabiliak azoka komertzialetan gure enpresek erakusteko makinaria eraman behar dutenean".

"Datu hauek guztiek, gure enpresak kanpora ateratzeko duten joera indartu dela adierazten dute, eta, horrez gain, Gipuzkoako enpresak egunetik egunera nazioartekotzean murgilduta daudenaren adierazle dira", azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak.