Europeana liburutegi digitalaren erabilera hobetzen lagundu du EHUko IXA Taldeak

Actualizado 2013/5/14 12:45:43 CET
Europeana liburutegi digitaleko hasierako orria
Foto: IXA TALDEA

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA Taldeak Europeana liburutegi digital erraldoian dauden edukiak aztertu eta osatu ditu hizkuntza-teknologien bidez, PATHS proiektu europarraren barnean. Liburuak, filmak, pinturak, egunkariak, soinu-artxiboak, mapak, eskuizkribuak eta bestelako artxiboak daude liburutegi horretan.

   Gaur egun, liburutegiak 15 milioi ale digital biltzen ditu, askotariko formatutan: irudiak, testuak, audioak eta bideoak. Kopuru erraldoi horiek nahasgarriak izan daitezke zenbaitetan erabiltzailearentzat, zailtasunak izan baititzake aurkitutako informazio guztia interpretatzeko. Horrenbestez, liburutegi horretan kultura-lanak bisitatzeko ibilbide gidatuak eskaintzen ditu, besteak beste, PATHS proiektuak.

   "Ibilbide gidatu horietako item (eduki) kultural batzuek, ordea, deskribapen laburra edota informazio gutxi izan ohi dute, eta erabiltzailea gehiago jakiteko gogoz geratzen da zenbaitetan", azaldu du Eneko Agirre IXA Taldeko informatikariak".

   IXA Taldeak eduki kultural horiek aberastu ditu hizkuntza-teknologien bitartez, hau da, item horietan interesgarri izan daitezkeen antzeko edukiak proposatzen zaizkio erabiltzaileari; antzeko itemen zerrenda bat ematen zaio gaika antolatu eta ordenatuta; kanpoko baliabideetarako, esaterako, Wikipediarako loturak gehitzen dira, eta, gainera, aurkitutako informazioa erraz interpretatzeko laguntza ematen zaio erabiltzaileari.

   Hainbat teknika erabili dituzte IXA taldeko ikertzaileek: ikasketa automatikoa, analisi linguistikoa -morfologikoa eta sintaktikoa-, testu-corpusak, terminologia-erauzketa, testuaren ulermena eta desanbiguazioa, etab. Teknika horiek guztiak landuko dira, hain zuzen ere, 2013-2014 ikasturtean UPV/EHUan IXA Taldeak emango duen Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua unibertsitate-masterrean.

MASTERRA

   Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua unibertsitate-masterraren helburua da hizkuntza aztertzea eta hori ordenagailu bidez tratatzeko dauden teknikak eta aplikazioak ezagutzea. Master hau EHUko IXA Taldeak antolatu du.

   Hizkuntzalaritza eta informatika uztartu nahi dituzten guztiei zuzenduta dago: filologo eta hizkuntzalariak, informatikako eta telekomunikazioetako ingeniariak, matematikariak, itzultzaileak. Unibertsitateko graduatua izatea nahikoa da, interesa edo esperientzia edukiz gero.

   Masterrak ikasturte bateko iraupena du, eta ikasketak EHUko Informatika Fakultatean eskainiko dira. Bi edo hiru ikasturtetan ere egin ahal izango da, lanean dabiltzan profesionalek ere aukera izan dezaten.

   Aurrematrikula egiteko epea irekita dago jadanik, eta ekainaren 7ra arte dago izena emateko aukera. Masterrari buruzko informazio gehiago http://ixa.si.ehu.es/master/ webgunean aurkitu daiteke.