BILBO, 10 Sep. (EUROPA PRESS) -
Berrizko herriak omenaldia egingo du bihar 70 urte betetzen direnean Felipe Urtiaga Berrizko alkatea fusilatu zutela, Gerediaga Elkartearen laguntzarekin eta, herrian sortu berri den, 'Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkartearen' babesarekin.
Udaletik ohar baten bidez jakinarazi zutenez, ekitaldia arratsaldeko 19.30etan izango da, Olakueta plazan eta dantzari eta lore eskaintzaz gain, Felipe Urtiaga eta garaiko berriztarrak gogoratzeko berbaldia izango da eta Lauaxetaren "Azken oyua" olerkia ere irakurriko da. Izan ere, Esteban Urkiaga 'Lauxetak' fusilatzeko itxaroten zegoela idatzi zuen olerki hau 1937. urteko ekainaren 25ean.
Gogorarazi zutenez, Felipe Urtiaga Espainiako II. Errepublikako aginte demokratikoan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkate izan zen. 1931tik 1936ra bitartean, Berrizen hainbat hobekuntza bultzatu zituen, Olakuetako frontoia egin zen, Olakueta plaza berriztatu, auzoetan eskolak egin ziren eta ura etxeetara eramatea ahalbidetu zuen, besteak beste.
Ondoren, 1936. urteko uztailaren 18an altxamendu militarra gertatu zenean, udaleko ordezkariekin eta herritarrekin defentsa komitea sortu zuen herriaren segurtasuna bermatzeko baina, Frankisten tropak 1937ko apirilaren 25ean herrian sartu ziren. Urtiaga alkatea preso hartu eta irailaren 11n Derioko kanposantuan fusilatu zuten.