EUSKADI.-Bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte Gasteizen oinezko bati bi aldiz lapurtzeagatik eta erasotzeagatik

Actualizado 2010/01/04 13:35:30 CET

GASTEIZ, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu zituzten Gasteizen joan den asteburuan, larunbat goizaldean oinezko bati lapurreta egin ziotelakoan. Atxilotuei (hirurak biktimaren ezagunak dira) indarkeria erabiliz egindako lapurretaren delitu bi eta lesio-delitu bat egotzi dizkiete, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Salaketan jasotzen denez, gertakariak larunbat goizaldeko 1:30etan jazo ziren. Biktima Gasteizko Frantzia kalean zegoela, ezagun batek dirua eskatu eta, jarraian, lepoan zeraman urrezko katea indarkeriaz kendu zion. Tirakadaren ondorioz, gizonak urradurak jasan zituen lepoan.

Denbora gutxira, biktimak ustezko lapurraren anaiarekin topo egin zuen kalean. Biktimak gertatutakoaren berri eman zionean, gizonezkoak botila batekin eraso egin zion buruan eta, lurrera bota ostean, hura ostikatu zuen. Erasoen ondorioz, biktimak eskumuturra eta klabikula hautsi zituen, Txagorritxu Ospitalean egindako parte medikoaren arabera.

Ordu batzuk geroago, goizaldeko 5:00ak aldera, biktimari beste lapurreta bat egin zioten. Hain zuzen ere, emakumezko batek (biktimaren ezaguna baita ere) urrezko eraztun bat lapurtu zion, gizona lurrera bota ondoren.

Biktimak gertakariak salatu eta erasotzaileak identifikatu ostean, Ertzaintzak gertakarietan nahasita dauden hiru pertsonak atxilotu zituen asteburuan: 24 urteko gizonezko bat, urrezko kate bat indarkeriaz ostu izana egotzita; 19 urteko gizon bat, lesio-delitu bat leporatuta; eta 50 urteko emakumezko bat, indarkeriaz eraztun bat lapurtzea egotzita.