EUSKADI.-Bilbao Kirolak erakundeak 795.000 euro banatuko ditu krisi ekonomikoak jotako talde eta kirolarien artean

Actualizado 2010/02/08 14:53:05 CET

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Kirolak erakundeak iaz sortutako diru-laguntzen ildoarekin jarraituko du aurten, krisi ekonomikoaren eta babesle pribatuen galeraren ondorioz Bilboko kirol erakundeen eta kirolarien biziraupena bermatzeko. Udal erakundeak hiriko kirol jarduera sustatzeko baliatzen dituen laguntza ekonomikoen programaren barnean sartzen dira diru-laguntzok, eta guztira 795.015 euro banatuko ditu, hots, iaz baino 20.000 euro gehiago.

"Hiriari eta Bilboko kirolari beharrezkoa zaion jarduera ildo positiboari eta beharrezkoari eusten diogu. Batez ere, diru-laguntza hori kirol talde txikiei eta kirolariei zuzentzen zaie, betikoei, izan ere, urte luzez kirola egiten eta beren ingurua bizitasunez betetzen egon ondoren, orain euren biziraupena kolokan ikusten dute. Joan den urtean, horietako zenbait talderi lagundu ahal izan genien, eta, 2010ean ere, laguntzen jarraitu nahi dugu", adierazi du Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi eta Bilbao Kirolak erakundeko presidenteak.

Bilbao Kirolak erakundeak esparru ezberdinak biltzen dituzten lau diru-laguntza ildo eskaintzen ditu, hala nola: kirol jarduera sustatzea, joan-etorrietarako diru-laguntzak, partaidetzako kirolak edo kirol jarduera jakin batzuk sustatzea, eta kirol taldeen nahiz kirolarien biziraupena bermatzea.

Esan bezala, guztira, 795.015 euro banatuko dira aurten, diru-laguntzen lau ildoetarako. Horrela, kirol klub eta desplazamenduetarako 159.000 euro jarriko dira; partaidetzako kirola sustatzeko, 37.300 euro; kirol ekitaldi puntualetarako, 523.715 euro; eta taldeen eta kirolarien biziraupena bermatzeko, 75.000 euro.