BILBO, 26 Mar. (EUROPA PRESS) -
Bilborock-La Merced areto bilbotarrak hamar urte beteko ditu datorren apirilean, eta, hori dela eta, zenbait kontzertu antolatuko dira hamargarren urteurrena ospatzeko. Irudi berritua aurkezteko aukera ederra izango da, gainera, Bilborock zer den eta zein asmo duen agertu nahi baitu aretoaren irudi berriak. Bilboko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria den Jon Aritz Bengoetxeak aurkeztu du gaur aretoaren hamargarren urtemuga ospatzeko antolaturiko programazioa.
Horrela, estilo guztietako 21 taldek baieztatu dute euren partaidetza. Zazpi banda euskaldun izango dira horien artean. Apirilaren 12an, La Inconsciencia de Uoho, Airless-Robert Rodrigo, Macarrada, Yakuzi, Chico y Chica eta Standard taldeek joko dute, eta apirilaren 13an, Kepa Junkera, Free Martino, Ya te Digo, Idi Bihotz, Parabellum-Puro Chile, Valhalla eta The Panik Punkers-ek.
Hurrengo egunean, apirilak 14, Rafa Rueda, Bosco el Tosco y su Puta Banda, The Cherry Boppers, Zea Mays, Wcd, Gris Perla, Afrika eta Audience-Eten taldeen txanda izango da.
Talde bakoitzak 15 minutuko tartea izango du jotzeko. Emanaldia grabatu egingo da eta disko konpaktu bat kaleratuko da aurrerago. Talde guztiek egin beharko dute beste talde edo artista baten bertsioa. Horrela bada, besteak beste, Marc Bolan, Van Morrison, Jane's Addiction, MCD, Parabellum, Accept, Ama Say, The Velvet Underground, Los Coyotes, Radio Futura eta At The Drive In taldeen abestien bertsioak egingo dituzte.
Era askotako jarduerak egin dira Bilborok aretoan hamar urte hauetan: ohikoak kontzertuak (ia 900), formatu txiki edo ertaineko antzezlanak (1.000 saiotik gora eta ia 600 konpainia). Azken urte hauetan, hala ere, jarduera berriak egin dira eta ziklo iraunkorrak antolatzen hasi. Horrela, zinea, ipuin-kontalariak, biltzarrak eta hitzaldiak ere antolatu dira azken urte hauetan.
Gainera, azpimarratu behar da BilboRock aretoan urtero antolatzen direla zikloak, besteak beste, Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa, "Bilbon eskolatik antzerkira" kanpaina, Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zinemaldiaren (ZINEBI), Bilbao Antzerki Dantza (BAD), Bilboko Zine Gay, Lesbiko eta Transexualaren Nazioarteko Jaialdia (Zinegoak) eta, berriena dena, Aste Nagusiko bertako rockaren erakustaldia.
Programa horiek kontuan hartuta, agerian gelditu da aretoak era guztietako emanaldiak egiteko oso aproposa dela. Beste alde batetik, ikuslego askorentzat oso hurbil dagoen ekipamendua da. "Ikusle-kopuruak ez du behera egiten urteak iraganda eta horrek esan nahi du fideltasun handia erakusten dutela antolatzen diren jarduerekiko", azaldu du Bengoetxeak. Hori dela-eta, jarduera horien antolatzaileak oso pozik daude Bilborockekin eta prest daude leku berean urtez urte euren emanaldiak antolatzeko.
EUSKAL HERRIKO MUSIKA ARTXIBOA
Aretoaren beste elementu garrantzitsu bat Euskal Herriko Musika Artxiboa da. Gaur egun artxiboa eguneratzen eta hobetzen ari dira arduradunak. Hauxe da Euskal Herriko musika modernoaren lehen artxiboa, artxibo bakarra orain arte.
Estatu guztian ere aitzindaria izan da eta estilo guztietako euskal musikarien erreferentziak gordetzen ditu. Euskal Herriko aberastasun musikala gordetzen du, eta euskal kulturari eustearen, demokratizatzearen eta zabaltzaren aldeko jarrera agerian geratzen da. Ikerlarientzat ere nahitaezko erreferentea da. 1997an ireki zen eta datu-base dokumental eta multimedia da. Azken bost hamarkadetako euskal diskografiaren 12.000 erregistrotik gora ditu.
Azkenik entseatzeko zazpi gelak daude, 19997ko azaroan zabaldu zirenak. 1.300en bat banda izan dira gela hauek erabili dituztenak. Horrela, okupazioa %67koa izan da eta horrek agerian utzi du gazteentzako erreferenterik garrantzitsuena Bilbon Bilborock-La Merced dela. 130ren bat talde ari dira egun entseatzen hango lokaletan.
HISTORIA
Bilborock-La Merced Mesedetako komentua izan zenaren elizan dago (1750). Izan ere, eliza da itsasadarraren ezkerraldean, izen bereko zubi eta kalearen parez pare, zegoen komentu zaharretik geratzen den bakarra. Antonio Ortiz de Calinak eta Francisco Elorriagak eraikin zuten lehen eliza, 1663tik-1673ra bitartean, eta kontratuko kostua 82.000 lekokoa izan zen.
1750ean, Jose Rekolalde harginak, estaldurak, gangak eta barruko aldea berregin zituen. Komentua Bilbo Zaharraren ondoan zegoen, merkatariek Bilbora sartzeko erabiltzen zuten bide baten ondoan. XVIII. mendeko krisia zela eta, estiloa barrokoa bada ere, latz samarra da eta ez da nabarmentzen, artearen edo apainduren aldetik, inolako berrikuntzarik. Alderantziz, izaera neutroa eta oso funtzionala duela esan behar da.
XX. mendean komentua bota eta eliza itxi egin zen elizkizunetarako. Hori dela eta, erortzeko zorian gelditurik, bazirudien bota egingo zutela. Hor egon zen ez zekitela bota edo erakunde pribatu edo publikoren batek monumentu artistikoa izateagatik erosiko ote zuen. 1989an Bilboko Udalak eraikina erosi zuen eta 1990eko hamarkadan eraberritzeko proiektua burutu zuen. Horrela bada, 1997ko apirilaren 7tik Bilborock-La Merced eraikin eraberritu horretan dago.
EZAUGARRIAK
Eraikitako azalera 1.330 metro kaodrokoa da eta hiru solairu ditu. Gaur egungo beharretarako ekipamendu teknologiko egokia, batetik, eta programazioaren jarduera anitz eta garrantzitsuak, bestetik, Bilborock hiriko kulturgunerik nagusienetakoa da egun.
Bilborock-La Merced aretoak badu erabilera anitzeko gela handia, palkuak eta korua. Guztira 300 ikusle edo entzule jesarrita 500 zutik egon daitezke bertan. Era askotako jarduera eszeniko agertzeko oso aproposa da. Horrela, besteak beste, zinea, kontzertuak, antzerkia, txotxongiloak, mintegiak, literatura zein diskoen aurkezpenak egiten dira bertan. Gainera, estaldurapeko solairuan taldeek entseatzeko zazpi gela daude, behar bezala ekipatuta eta intsonorizatuta.
Kontuan hartzen bada 700.000 pertsona baino gehiago joan direla bertan antolatutako 2.800 ekitalditara, arrakasta handia lortu duela esan daiteke eta horretarako arrazoien artean hauek aipa daitezke: batetik, ekipamendu dinamikoa, modernoa, arlo askotako agerraldiak egiteko aproposa eta erabiltzeko eragozpen gutxikoa izatea eta, bestetik, zerbitzuaren kalitatea eta eskaintza zabala.